Zein balorazio edo hausnarketa eragiten dizu azken epaiak?
Datuek argi diote: euskara larrialdi linguistikoaren egoeran dago. Azken asteetan argitaratutako datuek eta ebidentziek ez dute etorkizun onik iragartzen. Egoera hori larriagotu egiten da horrelako epaiak iristen direnean. Euskaraz bizi nahi dugunon udalentzat eta herritarrentzat kolpe gogorra da. Euskara eta gaztelania ez daude egoera berean, ez daude egoera parekidean. Horregatik, nahitaezkoa da euskara lehenetsiko duten irizpide eta politikak garatzea. UEMAko udalerriok bide luzea egin dugu orain arte, helburu horrekin. Eta horretan jarraituko dugu.
Zein helbururekin ebatzi da epai hau zure ustez?
Helburu politikodun epai bat da, argi eta garbi. Salaketa jarri duen alderdi ultraeskuindarrak ideologia konkretu bat du: euskararen normalizazioaren aurka dago. Eta Auzitegi Gorenak berretsi egin du aurkakotasun hori. Euskara lehenesten duten erakundeei zuzen-zuzenean egiten zaien eraso bat da, eta, beraz, euskaraz bizi nahi duten herritarrei zuzen-zuzenean eragiten die horrek.
Ez da eraso isolatua: azken hilabete eta urteetan martxan jarritako oldarraldi judizialaren beste pauso bat da. Kasu honetan, ordea, euskaraz bizi diren erakundeak ditu jomugan, bete-betean.
Aztertu duzue zertan eragin diezaiokeen Udalaren jardunari?
UEMArekin lankidetzan, eragin hori aztertzen ari gara. Guk, oraingoz, euskaraz funtzionatuko duen udal baten gidari izateko konpromisoarekin jarraitzen dugu, eta ez dugu inolako aldaketarik egingo gure eguneroko jardunean. Aramaioko Udalak euskaraz funtzionatzen jarraituko du.
Aramaioko Udalean egunerokoan euskara da nagusi? Kexarik jaso duzue horregatik? Zenbat?
Aramaioko Udalak euskaraz funtzionatzen du, eta euskarazkoa da bere egunerokoa. Kexak oso urriak dira: herritarrek badakite udalak euskara duela bere hizkuntza, eta hala dute barneratuta. Naturaltzat hartzen dute hori. Euskaraz ez dakiten herritarren kasuan, noski, elebitan edo gaztelaniaz jarduten dugu.
Ekiteko garaia dela azpimarratu da UEMAk deituta zapatuan egindako elkarretaratzeetan. Besteak beste, botere legegileari lege babes sendoagoa eskatu diote. Ezinbesteko jotzen duzu?
Aramaion elkarretaratze jendetsua egin genuen joan den asteburuan. Askotariko jendea etorri zen, eta erantzun irmoa emateko baliatu genuen. Etorritako jende kopuruak argi uzten du Aramaion ere ekiteko garaia dela pentsatzen dugula. Uste dugu une honetan indarrean dagoen legeriak ez diola bizi dugun errealitate linguistikoari erantzuten, eta atzerako pausoak emateko erraztasun gehiago ematen dituela, aurrera egiteko baino. Beraz, bai, ezinbestekoa dela uste dugu.
Hautetsi eta euskaltzaleen konpromiso pertsonala ere eskatu dituzte. Jarraituko duzue herritarren hizkuntza eskubideak defendatzen eta euskararen normalizazioaren mesedetan?
Inolako zalantzari gabe.
Herritarrei zein mezu helaraziko zenieke?
Erantzun irmoa behar dute azkenaldian jasan ditugun erasoek. Eta herritarren aldetik eman daitekeen erantzunik irmoena egunerokoan euskaraz bizitzea da. Izan udalarekin dituzten harremanetan, izan bestelako testuinguruetan, euskaraz bizitzeak egingo die kalterik handiena eraso egiten digutenei.