Agur esateko ordua iritsi da

Xabier Urtzelai 2022ko urr. 21a, 18:00

Mikel Aristi eta Julen Irizar, Gorlako kantina ondoan.

Ivan Velascok, Markel Irizarrek eta Eneko Lizarraldek duela ez asko hartutako erabakia hartu berri dute Mikel Aristik eta Julen Irizarrek; alegia, txirrindularitza profesionala utziko dute. Gauza bera egin zuten, baita ere, profesionalismoaren atarian geratu ziren Etxabe anaiek eta Iker Eskibelek. Euretako bakoitzak kirol ibilbide propioa izan du.

Batzuena luzea izan da, beste batzuengan lesioek pisua izan dute, eta, esandako moduan, profesionalismora iristeaz batera agur esan behar izan duenik ere egon da, baita ate-joka geratu direnak ere. Bizitzaren legea, horixe bera da. Mikel Aristiren (Bergara, 1993) eta Julen Irizarren (Bergara, 1995) kasuetan, ibilbidea emankorra izan da. Ez, ez dira txirrindularitzako izarrak izan, horiek gutxi daude munduan, baina ziklismoa barrutik bizi ahal izan dute, gazi eta gozoekin, eta garaipenak ere lortu dituzte. Azken urtean, baina, ez dute bizikleta gaineko lanaz nahi moduan gozatu. Orain, atseden apur bat hartzeko opor egun batzuk hartu dituzte, eta biek aitortu diote GOIENAri aurrera begira bizikleta kontuek baino gehiago, bestelako erronkek motibatzen dituztela. "Gazteak gara, eta garaiz gaude ikasketei ostera ere heltzeko, edo lan munduan murgiltzeko", dio Aristik.

Zirt edo zart egiteko urtea

Neguan, Julen Irizarrek garbi zeukan denboraldi erabakigarriaren aurrean zegoela. "Neukan guztia emateko asmoz hasi nuen urtea, baina gauzak ez dira nahi moduan joan", adierazi dio GOIENAri erabakia naturaltasunez barneratu duen Irizarrek. "Buruan bizikleta baino ez banu izango, gehiago kostatuko litzaidake erabakia hartzea, baina beste gauza batzuk egin nahi ditut. Etorkizunean ere ez dut neure burua txirrindularitzara lotuta ikusten, asko gustatzen zait ziklismoa, horretan jardun dut ia bizitza osoan, baina beste kontu batzuei helduko diet. Urte politak izan dira hauek, denetariko momentuak egon dira, bizitzan bertan gertatzen den moduan, baina elite mailako kirola oso lotua da, eta balantzan jartzen duzu dena. Hala, momentu bat iristen da non aldatzeko gogoa duzun, gauza berriak egiteko nahiak pisu handia izan du erabakian".

Ordizian, lagunen babesean

Irizarrek udan hartu zuen erabakia, eta, hark aitortu moduan, ofizialki ez baina mentalki uztailaren 25ean Ordiziako klasikoan hartu zuen erretiroa. Egun hartan denetik egin zuen: lasterketako ihesaldian sartu, bizikletatik erori, altxa eta lasterketa amaitzeko kapaz izan, eta baita mendiko saria irabazi ere: "Lagunek bazuten nire erabakiaren berri, eta egun ederra pasa nuen eurei esker. Bi hilabete neramatzan lehiatu barik, ez nekien zelan egongo nintzen, baina ihesaldian sartu nahi nuen, lagunen aurretik lasterketa buruan pasa nahi nuen. Gero, posible zen zirkuituko lehenengo itzulian erretiroa hartu behar izatea, ja, ja... Baina ez, ondo ibili nintzen. Zirkuituari bost bat itzuli eman behar genizkion eta lagunak nire erretratuekin, musikarekin... zain nituen. Kanadar batekin nindoan ihes eginda, eta hura ere zur eta lur geratu zen; galdetu zidan ea erretratuetakoa ni nintzen, ja, ja...". Bada, egun hartan, mendiko sariak baino gehiago bete zuen egun osoan bizi izandakoak.

Ordiziako Klasikoan Irizarrek ondoan izan zituen lagunak.

Mikel Aristik ez du gordetzen azken urteetan ez dela nahi moduan ibili: "2019ko garaipenen ondoren ez dut urte distiratsurik izan, hori da egia. Banekien txirrindularitza lehenago edo geroago amaitu egingo zela, eta iritsi da ordua. Azken urteak frustragarriak izan dira, baina azkena bereziki izan da gogorra. Ez dut urte ona egin, eta jarraitzeko nituen aukerek ez ninduten konbentzitzen. Gehiago motibatzen nau ikasten hasteak edo lan mundura murgiltzeak, horretarako gazteak gara oraindik".

Limousingo Tourrean lortutako garaipena, 2019an.

Hastapenak, Lokatzan

Bi bergararrek Lokatzan eman zituzten lehenengo pedalkadak. Mikel Aristi gaztetatik nabarmendu zen; gazte mailan ederto ibili zen –Gipuzkoako Itzulia irabazi zuen belaunaldi oso oneko zenbait taldekide bergarar ondoan zituela–. Amateur mailan, Debabarrenan urte bakarra nahikoa izan zuen goikoen arreta erakartzeko, Migel Madariagak haren aldeko apustua egin zuen, eta kontinental mailan zegoen Euskaltelera eraman. Baina urte gogorrak ziren talde laranjan, proiektuak ez zuen hamarkada bat lehenago izan zenaren antzekotasunik, eta Madariagak proiektuari berrekin behar izan zion, hutsetik hasi, kontinental mailari agur esan eta amateur mailara bueltatu. Hala, Aristik onartu egin zuen mailaz jaistea, amateurretara bueltatzea, eta ez zen apustu txarra izan: urte hartan, hegan egin zuen –zortzi garaipen, eta hamaika aldiz izan zen bigarren–.

Orduan, Frantziatik jasotako proposamena onartu eta bi urte egin zituen Delko Marsella KTM taldean. Maillot horrekin altxa zituen lehenengoz besoak profesional mailan, non eta Afrikan. La Tropicale Amissa Bongon (2017), atariko proban, esprintean nagusitu zen, eta sailkapen orokorra lehiatzen ibili zen aste osoan. Ondoren, Euskadi Muriasek (2018) fitxatu zuen, eta Odriozolaren aginduetara 2019an urte oso polita egin zuen. Garaipena lortu zuen bai Portugalgo Voltako etapa batean, eta baita Limousingo Itzulian ere. 2020an, berriz, Euskaltelek fitxatu zuen; lasterketa batzuetan garaipenetik oso-oso gertu egon da, baina, bergararrak aitortu duenez, urte hauetan ez da nahi moduan ibili. Denboraldiko une puntualetan zertzeladak erakutsi bai, baina erregulartasun barik ibili da.

Julen Irizar ere Lokatza hasi zen. Ampon nabarmendu zen amateur mailan –Castelloko Voltan etapa bat irabazi zuen–, eta Euskadi-Muriasek fitxatu zuen Oscar Rodriguezekin batera –orain Movistarren–. Talde horretan lau urte egin zituen bergararrak, eta maillot horrekin lortu zuen profesional mailan daukan garaipena, Portugalgo Sari Nagusian (2018). Debagoiena txirrindulari profesional barik geratu da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak