Gipuzkoako txapeldun!

Xabier Urtzelai 2011ko eka. 28a, 19:01

Bergarako Lokatza Ziklismo Eskolako historian lehen aldiz, bertako txirrindulari batek Gipuzkoako itzulia irabazi du. Atzo, astelehena, arratsaldean jaso zituen Mikel Aristi bergararrak Zarauzko helmugan besoak, etapa itogarri baten ostean lehenengo helmugaratuta. Hala, txapeldunak modu ezin hobean errematatu du itzulia, mailot horia defendatzeaz konformatu barik, azken etapa ere irabazita.

Gipuzkoako Itzuliak merezitako amaiera izan zuen, azken etapa zirraragarria izan zen-eta. Itzuliak erakutsi du ziklista guztien artetik Mikel Aristi (Sumofic) eta Grant Ferguson (Beste Alde) zirela indartsuenak, eta azken etapan bien arteko borroka estua izan zen; eurak izan ziren protagonista. 92 kilometroko etapan Garate mendateko igoera erabakigarria izan zen.

Ordura arte Sumoficeko mutilek bikain egin zuten talde-lana –aurreko egunetan moduan– benetako talde direla erakutsiz, eta liderra zaintzeko lanetan ez zuten indar txikiena ere gorde. Garaten, baina, sailkapen orokorrean 12 segundora zegoen Grant Fergusen eraso gogorra jo zuen, eta Aristi baino ez zen gauza izan eraso horri erantzuteko; atzean geratu ziren beste guztiak.

Hala, etengabeko erritmo aldaketak eginez Ferguson bakarrik joaten ahalegindu zen; Aristik gogotik sufritu zuen hor, baina ez zuen mailot horia merke saltzeko asmorik. Ferguson en zen metro batzuetako abantaila lortzeko gauza izan, eta jaitsieran Aristik hartu zuen erreleboa, ihesaldi on horri jarraipena emateko. Hala, Zarautzera iritsitakoan atzekoak ez ziren bi protagonista horiek harrapatzeko gauza izan, eta Aristiren eta Fergusonen arteko zeingehiagoka izan zen azken metroetan; marra zuritik metro gutxira azken kartutxoa erre, eta esrpint estuan Aristik jaso zituen besoak.

Aurrekoak, Roldan eta Irtizar 

Garaipen horrekin Mikel Aristik duela urte batzuk beste debagoiendar batzuk egindakoa errepikatu du. Markel Irizar oñatiarrak, eta Mikel Roldan aretxabaletarrak ondo dakite Gipuzkoako Itzulia irabaztea zer den. Itzulia hasi aurretik, Aristi kiniela guztietan zegoen eta haren alde egitea apustu segurua zela erakutsi du Bergarakoak. Lehen bi etapetan bigarren postua eta azken bi etapetan lehen postua eskuratuta, Gipuzkoako itzuliko sailkapen nagusiaz gain, erregulartasuna ere irabazi du, beraz, mailot horia eta berdea, biak ekarri ditu etxera.

Talde-lana oinarrian

Hala, Mikel Sanchez entrenatzaileak, Aristirekin batera, taldekide guztiak zoriondu ditu: "Garaipena ez da Mikelena bakarrik izan, taldeak sekulako lana egin du, Jon Aranzabal, Beñat eta Jokin Etxabe, Xabier Gallastegi, Andoni Lasa, Eneko Lizarralde, Hodei Orobengoa, Asier Taboada eta Andoni Rico-k, gazte mailan gutxitan ikusten den lana egin dute-eta. Atzo Andoainen eta gaur Zarautzen, bakoitzak zegokion tartean lan galanta egin du, lehen kilometrotik tropel buruan jarri eta azken kilometrora arte, ihesaldiak kontrolpean izanda, interesatzen zitzaien tartea utziz eta beharrezkoa zenean ihesaldia harrapatuz. Gero, Aristik errematatzeko". Helmugan ere, Aristik taldeak egindako lana azpimarratu zuen.

Itzuliaren sailkapena, hemen

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak