Mikel Aristirendako lehenengo garaipena, Afrikan

Hastearekin batera, abentura tropikalari etekin ederra ateratzen dabil Mikel Aristi (Delko Marseille Provence KTM), bergararrak La Tropicale Amissa Bongo itzuliko atarikoa irabazi du-eta. Thomas Voeckler frantziarrak kilometro baten faltan egindako ihesaldi ahaleginari eutsi, eta esprintean nagusitu da Aristi. Profesional mailako lehenengo garaipena du. 

Tony Hurel (Direct Energie) eta Stanislay Bazhkou (Minsk Cycling Club) ziklistei irabazi die esprintean Mikel Aristik, lehenago Thomas Voecklerrek egindako ihesaldi ahalegina ezerezean geratu ostean. Hala, 2016ko osasun arazoak gaindituta Aristi denboraldi hasiera ederra egiten dabil, 6.a izan da-eta GP Costa degli Etruschi-n, 20.a Laigueglia Sarian, eta protagonista, baita ere, La Provence itzulian. 

Sei egun iraungo dituen Afrikako lasterketako lehenengo etapa irabazi du –zazpi etapa guztira–, eta datorren domekan amaituko dutena, Libreville hiriburuan. Adrien Petit (2016), Rafaa Chtioui (2015) eta Natnael Berhane (2014), izan ziren aurreko edizioetako irabazleak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.