Lasterketa motza izan zen, baina oso bizia. Mijaresko maldetan gora eta behera ibili behar izan zuten txirrindulariek, eta etengabeko eraso saiakerak izan ziren. Hala, adi egoteko eguna zen. Baina, ihesaldi ahalegin horietako bat ere ez zen minutu bateko aldea izatera iritsi. Bizi ibili zen Ivan Moreno (Benicassim Me Gusta), gainera egindako lehenengo bi igoeratan azkarrena izanda –mendiko saria irabazi zuen– baina indarrak neurri handian hor xahutu zituen. Onda-ra batera iritsi ziren hiru laguneko taldea, Ondako gaztelurako malda gogorra geratzen zitzaien, eta hor Irizarrek atzean utzi zituen kontrarioak, eta kategorian debuta egin duenetik –23 urtez azpikoan– lehenengo garaipena poltsikoratu ahal izan zuen.
Hala, Ampoko txirrindulariak domekan liderraren mailotaz irten ahal izan zuen bigarren etapan, Benicassimen. Mailot horiari ezin izan zion eutsi, eta hiru eguneko itzuliaren ostean Sergio Vega izan da onena. Bergarakoak, baina, estreinatu du garaipenen palmaresa.