Mikel Aristi: "Badakit aurten lepoa luzatuko zaidala, baina ez diot beldurrik profesionalekin jarduteari"

Xabier Urtzelai 2013ko urt. 24a, 01:00

Bergaran euria ari du, gelditu barik. Bizikleta gainean entrenatzera derrigortuta daudenak mekauenka dabiltza honezkero, nahiz eta orain arte negu aparta izan duten hanketan kilometroak pilatzeko. Horretan ibili da Mikel Aristi ere (Bergara, 1993), eta bizikletan igartzen zaio egindako lana, ziklo-krosa egiteko erabili duela dirudi: "Eta ez zait gustatzen bizikleta zikin izatea, gaztetan irakatsi ziguten bizikleta garbi izan behar dela, eta mania hori dut".

Maila Kontinentalean diharduen Euskadi taldean korrituko duzu aurten. Beste aurrerapauso bat da hori.

Bai. Tarteka profesionalekin batera lehiatuko gara, eurek eramaten duten bizimodua izango dugu, eurak beste entrenatu beharko gara, eta guk ere kontratu bat dugu, hortan, neo-profesional bilakatu gara. Hau da, orain ordaindu egingo digute pedalei ematearren. Lehen gustuz egiten genuen gauza bat da, eta orain ere gustuz egiten dugu. Baina, orain norbait dugu atzean tarteka torlojuak estutzen dizkiguna. Hori bai, maila Kontinentala profesionalena baino koska bat beherago dago.

Orain arteko zaletasuna lanbide bilakatuko delako beldur zara?

Beldurra ez, ilusio handia dut nire bizitzako ametsa hori izan delako, ziklista izatearena. Pausoz-pauso noa. 

Zelan doa negua?

Oso ondo, uste dut hauxe dela entrenatzeko inoiz izan dudan negurik onena. Bizikletan inoiz ez naiz sasoi honetan horrenbeste ibili, eta birritan baino ez naiz busti; alde horretatik, chapeau

Eta hori dagoeneko urtarril erdian gaudela.

Bai, horregatik. Egia da oraindik negu luzea geratzen dela. Egunotan oso eguraldi txarra egiten ari da, baina kanpora entrenatzera joateko aprobetxatuko dugu hamar egunez. Eta ondoren lasterketak hasiko dira. 

Iaz afizionatu mailara salto eginda motibatuta egoteko motiboak zenituen. Aurten zer esanik ez.

Iazkoa salto bat izan zen, eta aurtengoa beste bat da, handiagoa, hori bai. Sekulako motibazioa dut, gauzak ondo egiteko gogoa, eta lanerako gertu nago. 

Erreferente batzuk izango dituzu ziklismoan, eta atzetik datozen gazteendako erreferente zara. Zer esan dizute batzuek, eta zer esaten diezu besteei?

Profesional mailan dihardutenek esaten didate hor goian gauzak oso zail daudela, baina aurrera egin behar dela berdin-berdin. Ezagunak ditugu taldeak bilatzeko zailtasunak izan dituztenak, horrek dena esaten du. Eta atzetik datozenei esaten diet oso zaila dela saltoa ematea, baina posible dela, ni ez naizelako beste munduko inor. 

Ze filosofia izango du Euskadi taldeak?

Migel Madariagak Euskaltel-Euskadi taldea sortu zuen berbera, ilusioz jardutea. Eta gero, ilusio gehiago. 

Zer da orain arte egin duzuena?

Astebururo elkartu gara batera entrenatzeko, eta horrekin batera pistan lehiatzen ere ibili izan naiz [Anoetako belodromoan]. Entrenamendu mota ezberdinak egin ditugu, txarla psikologikoak... Denetik izan dugu; egia esan, negu nahiko konpletoa izan da. 

Ze itxura hartzen diozu talderi?

Taldearen egoera ekonomikoa ez da ona, badakigu hori. Hala ere, zailtasun horiek gainditzeko jendea ahalegin handia egiten dabil, eta uste dut talde polita izango dugula. 

Talde moduan ze helburu duzue? Eta, zuk zeuk ze helburu duzu?

Entrenatzailea oso-oso motibatuta ikusten dut [Aritz Arberas, iaz Orbeako zuzendaria] eta bera konbentzituta dago taldea lasterketetan ondo lehiatzeko kapaz izango dela, eta horrek niri segurtasun handia ematen dit. Ni, berriz, munduko errespetu guztiarekin noa, badakit oso-oso jende ona egongo dela, baina ez daukat batere beldurrik. Gure helburua lasterketetan maillota erakustea izango da. Taldea ziklista gazteekin osatuta dago, badaude apur bat nagusiagoak, baina orokorrean oso talde gaztea gara, eta aurretik lan handia dugu egiteko. 

Mallorkan hasiko zarete, eta gero?

Bai, denboraldia Mallorkan hasiko dugu, otsailaren 4an. Hortik aurrera, baina, ez dugu egutegi zehatzik. Lehen aurreratu moduan, ekonomikoki egoera zaila da, eta lasterketetara joateko aurrekontua behar da. Badakigu, gainera, lasterketa mordoa desagertu egingo direla, eta beste antolatzaile askok ezingo gaituzte gonbidatu, eurak ere diruz txarto dabiltzalako. Hala, badakigu aurten ez ditugula lasterketa mordoa izango, eta horrek esan nahi du aukera bakoitza ondo aprobetxatu beharko dugula. 

Gustatuko litzaidake ikustea, Mallorkako Itzulia hasi baino bost minutu lehenago, irteera puntuan, Aristik ze aurpegi duen...

[Barre] Bai, gainera, esan didatenez nahiko harrigarria izaten da ziklista guztiak hotel berean izaten direlako. Ba pentsa... Bizi osoa daramat lasterketak jarraitzen, argazkiak ateratzen, sinadurak eskatzen... Eta orain euren ondoan korritu behar dut. Ba bai, ea ze aurpegi dudan. 

Dena dela, garrantzitsuagoa izango da, hasieran baino, Mallorkako Itzuliaren amaieran ze aurpegi duzun ikustea.

Hori beste bat izango da! [Barre]. Nik uste lepoa apur bat hazi egingo zaidala, baina beno... 

Euskaltelek hartutako politika berriak zaildu egiten du gora egitea?

Euskaltelera salto egiteko berdin-berdin erakutsi behar hor egotea merezi duzula. Nik uste dut, baina, gazteondako benetako zailtasuna UCIk ezarritako puntu sistema dela. Momentu honetan puntuak dituen jendeak balio du, eta Euskaltelek horiei begiratuko die, beste taldeek moduan. Sistema hori ez bada aldatzen, gazteok zail izango dugu gora egiteko. 

Gaur egun profesionalen artean, nor jarraitzen duzu?

Gertu ditudan ziklistak zaintzen ditut asko, eta alde horretatik, Markel [Irizar] erreferente da niretako. Ziklismoan beti entzun izan da ziklistak oso argala izan behar duela, eta Irizar eta ni gorpuzkera nahiko handikoak gara; ezaugarri antzerakoak-edo ditugulako, erreferente da, bai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak