ALBISTEAK

Egun berezia Arrasateko Udaleko Memoria eta Bizikidetza Mahaiarentzat

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba

Azaroaren 10a da gaur, Memoriaren Eguna. Era berean, Arrasateko Udaleko Memoria eta Bizikidetza Mahaiak hamar urte bete ditu aurten, eta modu berezian gogoratu dute.

Memoriaren Eguneko ekitaldian Arrasateko Udaleko Memoria eta Bizikidetza Mahaiko ordezkariek eta Maider Morras alkateak hartu dute parte, adierazpen instituzionala irakurriz. Ekitaldiaren amaieran, lore-eskaintza sinbolikoa egin dute Jose Maria Arizmendiarrieta plazan dagoen monolitoan.

Azaldu dutenez, hamar urteko ibilbideak erakutsi du memoria berreskuratzea eta biktima guztien aitortza ez direla amaitutako lanak. "Oraindik badago zer entzun, zer ikertu eta zer aitortu". Horregatik, Arrasateko Udaleko Bizikidetza Batzordea osatzen duten alderdiek memoria eta bizikidetza elkarlanean eta adostasunez lantzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, "gertatutakoa ahanzturan gera ez dadin eta etorkizunean indarkeria errepika ez dadin".

2016ko irailean eratu zuten

2016ko irailean sortu zuten Arrasateko Udaleko Memoria eta Bizikidetza Mahaia, udalbatzan ordezkaritza zuten alderdi politiko guztien parte-hartzearekin. "Herrian gertatutako giza eskubideen urraketak eta eragindako sufrimenduak berreskuratu, aitortu eta biktimen erreparazioan aurrera egiteko" helburuarekin eratu zuten mahaia, hasieratik "memoria ikuspegi zabal eta inklusibo batetik" lantzearen aldeko apustua eginez, "sufrimendu guztiak aintzat hartuz eta iraganari begiratzeko oinarri partekatuak eraikiz".

Horretarako, "ezinbestekotzat" jo zuten udalbatzako alderdi politiko guztien arteko elkarlana eta adostasuna –EH Bildu, EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Arrasate–. Hamar urte hauetan, udal hauteskundeek eta gobernu-aldaketek ez dute hasierako konpromisoa eten eta, hainbat agintaldi igaro badira ere, memoria berreskuratzeko eta biktimak aitortzeko lanean jarraitu du mahaiak, elkarrizketaren eta adostasunaren bidetik. 

Mugarri garrantzitsu bat

Ibilbide horretako mugarri nagusietako bat Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Argituzek egindako ikerketa-lanak izan dira. Lehenak, ikuspegi historikotik, 1936tik 1956ra bitartean altxamendu militarrak eta frankismoak Arrasateko emakume eta gizonengan izandako eragina jaso zuen. Bigarrenak, giza eskubideen ikuspegitik, 1956tik 2018ra bitartean udalerrian izandako urraketak eta Arrasateko herritarrek udalerritik kanpo pairatutakoak dokumentatu zituen. Bi lanak Memoria partekatu baterantz izenburupean argitaratu zituzten, eta gaur egun funtsezko oinarria dira herriko memoria berreskuratzen jarraitzeko.

Sei aitortza-ekitaldi

Ikerketa-lanez gain, Arrasateko Udalak sei aitortza-ekitaldi instituzional egin ditu, biktimak eta haien senideak aitortzeko eta erreparazio-bidean laguntzeko, baita bestelako hainbat ekintza ere. Honako hauek dira egindako aitortza-ekitaldiak:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak