Egindako lana aitortu diete, oroimenean gera daitezen

Eneko Azurmendi Barrena 2021ko aza. 10a, 20:29

Arrasateko Udaleko Bizikidetza Batzordeak hala adostuta, Jesus Uranga Urrutia, Agustin Aranburu Zabaleta eta Gregorio Gonzalez Rubioren aldeko oroimen eta aitortza ekitaldia egin dute gaur osoko bilkuren aretoan, Memoriaren Eguna dela baliatuta. Udal hautetsia eta udal langileak ziren 1936ko irailaren 26an tropa frankistak Arrasaten sartu zirenean eta arrazoi horretan oinarrituta omendu dituzte.

Ekitaldia hasi baino lehen, udal ordezkariek senideei harrera egin diete udaletxeko arkupetan. Gero, Jokin Etxebarria kazetariak aurkeztuta, hasiera eman diote oroimen eta aitortza ekitaldiari, Jesus Uranga Urrutia, Agustin Aranburu Zabaleta eta Gregorio Gonzalez Rubio nortzuk ziren azalduz. 

Ostean, biktimen senitartekoek ere hartu dute berba: Jesus Uranga zenari buruz, familiaren izenean, Maite Urangak haren ilobak hitz egin du; Agustin Aramburu zenari buruz, bestalde, Jon Berezibar haren birbilobak, eta Gregorio Gonzalez zenari buruz, azkenik, haren iloba Bea Nuinek. Halaber, Maria Ubarretxena alkateak adierazpen instituzionala irakurri du.

Arrasateko Udalaren izenean, Iñigo Arregi eskultore arrasatearraren eskultura bana eta lore sorta bat eman diete senitartekoei Bizikidetza Batzordeko lau ordezkariek: Aritz Murua (PSE-EE); Eva Abuin (Elkarrekin Arrasate); Anuska Ezkurra (EAJ); eta Joseba Ezpeleta (EH Bildu). Arrasate Musikaleko musikariek jarri diote doinua ekitaldiari.

Kontu-hartzailea, Oiartzunen fusilatua

1936ko irailaren 26an sartu ziren tropa frankistak Arrasaten eta hiru biktimak udal hautetsi eta udal langile ziren garai hartan. Agustin Aranburu Zabaleta udaletxeko kontu-hartzailea zen, 54 urte zituen, Encarnación Basurtorekin ezkonduta zegoen eta sei seme-alaben aita zen. Azaroaren 2an Arrasatetik Ondarretara eramandako hamalau presoen artean zegoen eta kartzelako liburuetan, libre utzi zutela agertzen da. Dena den, Oiartzunen fusilatu zuten azaroaren 5eko gauean, heriotza agirian jartzen duenez.

1936ko urrian eta azaroan, Ondarretako kartzelatik epaiketarik gabe atera zituzten hainbat herritar. Libre gelditzen zirelakoan, kamioietan sartu eta Hernani eta Oiartzunera eraman zituzten, kanposantu eta inguruetan fusilatzera. Egiteko modu hau planifikatutako zerbait zela agerian uzten du Ramiro Llamas komandanteak, faxistek Donostian jarria zuten epaile bereziak, Vitoriano Balerdi doktoreari esandakoak. Bi hilabete horietan 65 debagoiendar erail zituzten, guztiak zibilak, eta horietatik 28 arrasatearrak ziren. 

Erresistentziako lehen lerroan

Gregorio Gonzalez Rubio gaueko udaltzaina zen Arrasaten. Brijida Monjerekin ezkonduta zegoen –bi seme-alaba zituzten–. Alderdi sozialistako kidea zen. 1934ko urriko grebaren ostean, muga zeharkatzean, polizia frantsesak atxilotu eta polizia espainiarrengana entregatu zuen Irunen. Preso egon zen Guadalupeko Gotorlekuan, 1936ko martxoko amnistiara arte. Milizianoa izan zen faxisten aurka. Arrasate erori ostean, erresistentziako lehen lerroan aritu zen, Kanpanzar inguruan eta segada batean erori zela jakin izan da, Jose Mari Arriaranen testigantzari esker. Bere gorpuak desagertuta jarraitzen du.

Bidegabeki epaitua

Jesus Uranga Urrutia udaletxeko bigarren errejidorea eta zinegotzi sozialista zen. Felipe Letona zinegotziarekin eta Trinitario Azconaga guardia munizipalarekin batera, Frantziara ihesi zihoan, eta Iurre inguruko mendietan atxilotu zituzten hiruak, 1937ko irailaren 8an. 39 urte zituen orduan Urangak, Vicenta Mandalunicekin ezkonduta zegoen eta bost seme-alabaren aita zen. 1934ko urriko gertaerengatik eta Marcelino Orejaren hilketagatik epaitu zituzten hiruak eta heriotza zigorra ezarri –gerora frogatu da kargu horiek faltsuak zirela–. Uranga izan zen zigorra kommutatu ez zioten bakarra. 1938ko abuztuaren 13an, 05:30ean, exekutatu egin zuten Bidebietako tiro-eremuan eta Polloeko hilerrian lurperatu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak