Jesus Uranga Urrutia udal-hautetsia eta bigarren erregidorea izan zen Arrasateko Udalean; Agustin Aranburu Zabaleta, udaletxeko kontu-hartzailea; eta Gregorio Gonzalez Rubio, gaueko guarda. Hirurak 1936ko altxamendu frankistaren ondorioz hil zituzten, eta hori horrela, Udaleko Bizikidetza Mahaiak erabaki du hirurak izatea protagonista azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean, egingo duten ekitaldian. Arratsaldean eman dute erabaki adostuaren berri Bizikidetza Mahaian ordezkatuta dauden lau alderdietako (EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Arrasate) kideek.
Ekitaldia 19:00etan hasiko da osoko bilkuren aretoan , eta bertan egongo dira bai hiru omenduen senideak eta baita alderdi politikoetako ordezkariak ere. Bizikidetza Mahaitik azpimarratu dute, baina, ekitaldia herritar guztiei egongo dela zabalik, eta aurten neurri murriztailerik egongo ez denez, bertatik bertara jarraitzeko aukera egongo dela. Hala, bertan parte hartzeko deia egin diete arrasatearrei.
Agustin Aranburu Zabaleta
Intxorta 1937 kultur elkartea: "1936ko azaroaren 5etik 6rako gauean erail zuten, Oiartzunen. Pentsaeraz nazionalista zen. Sei seme-alabaren aita, udaletxeko diruzaina zen. 54 urte. Zorgin kale 2. Heriotza agirian ageri da azaroaren 5ean hil zela heriotzaren kausak argitu gabe. Emaztea Encarnacion Basurto Leibar. Seme-alabak, Domingo, Ignacio, Jose Mª, Rita, Victoriano eta Mercedes".
Gregorio Gonzalez Rubio
Intxorta 1937 kultur elkartea: "Kanpanzarren desagertu zen, Arrasate erori eta egun batzuetara 1936ko irailaren bukaeran. Alderdi Sozialistako kidea zen. Gaueko udaltzaina Arrasateko Udalean. Bere alderdiak Bigarren Errepublikan, hasieratik, Hezkuntza, Kultura eta Berdintasunarekin batera, laizismoarren bultzakada handia izan zen. 1931ko azaroaren 28an Brigida Monje eta Gregorio González zibiletik ezkondu ziren, lehenengoak izan ziren Arrasaten. 1934ko urriko grebaren ondoren, muga zeharkatzean, polizia frantsesak atxilo hartu eta polizia espainiarrari entregatu zion Irunen. Guadalupeko gotorlekuan preso egon zen, 1936ko martxoan amnistiarekin libre irten arte.
Altxamendu faxistaren aurka, milizianoa izan zen. Arrasate erori eta gero, erresistentziako lehen lerroa Kanpazar ingurua izan zen. Horretan zebilela hil zuten, segada batean, Kanpazarren. Bi seme alaba zituen".
Jesus Uranga Urrutia
Intxorta 1937 kultur elkartea: "Felipe Letona eta Trinitario Azconagarekin batera, Santander faxisten eskuetan geratu ostean, Frantziara ihesean zihoala, Iurre inguruko mendietan atxilotu zituzten, 1937ko irailaren 8an, 39 urte zituela. Bost seme-alabaren aita. Unión Cerrajerako langilea eta Arrasateko Udaleko zinegotzi sozialista.
Ondarretako kartzelan zegoela 1937ko urriaren 28an, azaldu zuen 1931 aurretik UGTko afiliatua zela eta 1932an afiliatu zela Alderdi Sozialistan. Herritik bere txostena sinatu eta bidali zutenek jakin bazekiten, gezurra zela bertan zeuden akusazioak, baina baliogarriak izan ziren heriotz zigorrera kondenatzeko.
Franco estatuburua 1938ko uztailaren 16an egin zen heriotza-zigorraren jakitun. Ondoren, 1938ko abuztuaren 7an, kausa Donostiako 18. Exekuzio Epaitegira bideratu zuten honek epaia bete zezan. 1938ko abuztuaren 13an, 05:30ean, exekutatu egin zuten Bidebietako tiro-eremuan. Polloeko hilerrian lurperatu zuten".