Udaletxeko arkupetan egin diete harrera Agurtzane Arregi Letamendiren senitartekoei. Agurraren ostean, guztiak igo dira, ordurako lepo beteta zegoen osoko bilkuren aretora. Etxekoek aukeratutako Aitorren hizkuntz zaharra kantuarekin hasi dute aitortza ekitaldia. Arrasate Musikaleko kide Amaia Garro eta Marta Izagirre izan dira musikariak.
Ostean hartu du hitza Izar Etxabek. "Ama hil zutenean 13 urte nituen, eta pentsa daiteke amarekin oroitzeko adina banuela. Baina, ama oso gutxi ikusten genuen, lan asko egiten zuelako. Gerra osteko Arrasaten jaio zen eta miseria gorria bizi izan zuen. Baita, Donibane Lohizunen ere. Anai-arreboi bizitza hobea eman nahi zigun", kontatu du.
Hainbat anekdota gogoan dituela esan du, baina, bereziki bat azpimarratu. Ama eta osaba Iñaki protagonista zituena. "Gabonak ziren. Nik 4 urte bete berri nituen, eta ahizpak 2 zituen. Ama haurdun zegoen zazpi hileko. Aita, kartzelan. Aman esan zigun arrautza bana jan eta ohera joan behar genuela. Eta, une hartan, osaba Iñaki agertu zen etxean. Bere familia, bere seme-alabak, etxean utzi, eta koinatarengana joan zen Gabonak pasatzera. Gure amak sentimendu berezia zuen Iñakirekiko. Hura ere hil egin zuten urte batzuk geroago".
"Min egiteko atentatua"
1978ko uztailaren 2an, auto barruan zeudela egin zieten tiro senar-emazteei: Agurtzane Arregi erail eta Juan Jose Etxabe larri zauritu zuten. "Min egiteko atentatua izan zen. Aita eta ama, biak, erail gura zituzten; eta amak lana noiz bukatuko zain egon ziren, biak tirokatu ahal izateko", esan du Etxabe Arregik.
Comando Hitler izenez ezagutzen zenak tirokatu zituen Etxabe-Arregi senar-emazteak. "Barrionuevo, Martin Villa Gonzalez... bezalako demokratak finantzatzen zituzten ultra eskuineko komandoak, gure aurka joateko".
Agurtzane Arregi Letamendi 38 urterekin erail zuten. Egungo Izar alaba baino gazteago zen orduan. "Neskatila bat zen. Bizitza osoa zuen aurretik, eta bizitza kendu zioten. Ez zioten aukerarik eman amona izateko. Bizi izango balitz, 82 urte izango lituzke, eta birramona titulua izango luke".
Iaz, Agurtzaneren senideak 12/2016 Legearen baitan sorturiko Balorazio Komisiotik pasatzeko aukera izan zuten, eta 44 urte geroago, familiak, Agurtzane Arregi biktima bezala onartzen duen Eusko Jaurlaritzaren ebazpena jaso du.
Etxekoen kontakizunaren ostean, Agurtzane Letamendik gustuko zuen O Bella Ciao pieza jo dute Arrasate Musikaleko kideek.
Alkatearen hitzak eta oroigarria
Ostean etorri da Maria Ubarretxenaren interbentzioa, adierazpen instituzionala irakurriz. "Aitortu nahi dugu Arregi Letamendi motibazio politikoko indarkeriak eragindako urraketen biktima dela. 44 urte luze pasa dira. Jada berandu bada ere, espero dugu beranduegi ez izatea aitortza hau jasotzeko. Guri dagokigu ezin ez dena aitortzea. Gaurko ekitaldi honekin aitortu nahi dugu 44 urteko udal aitortza instituzionalaren hutsunea", esan du.
Ekitaldia bukatzeko, Arrasateko Udalaren izenean, alderdi politikoen ordezkariek Iñigo Arregiren Oroimenaren indarra eskultura eta lore-sorta eman diete Agurtzane Arregiren bi alabei.