Memoriaren Egunean, Agurtzane Arregi gogoan

Xabier Urtzelai 2022ko aza. 4a, 15:22

Azaroaren 10ean, Memoriaren Egunaren baitan, Agurtzane Arregi Letamendi arrasatearrari egingo diote aitortza Arrasateko Udalak. Arregi Letamendi AAA-ko kideek erail zuten, duela 44 urte, Donibane Lohizunen. Arrasateko Udalak arrasatearrak ekitaldian parte hartzera gonbidatu ditu.

Agurtzane Arregi Letamendi Arrasatekoa zen izatez, baina Urruñan bizi izan zen, bere senarra, Juan Jose Etxabe eta hiru seme-alabekin. 1978ko uztailaren 2ko gauean, Juan Jose familiak Donibane Lohizunen zuen Etxabe enea jatetxearen aurrean zegoen kotxe barruan emaztearen zain. Agurtzane, jatetxetik irten eta kotxean sartu zenean biak tirokatuak izan ziren. Triple A taldeak aldarrikatutako atentatu honetan Agurtzane hil zuten –dozena bat tiro jaso zituen– eta senarra larriki zauritu zuten. Agurtzanek 38 urte zituen. Bada, azaroaren 10ean (19.00etan Udaletxeko Pleno Aretoan) Arrasateko Udalaren aitortza jasoko du Agurtzane Arregi Letamendik, Memoriaren Egunaren baitan. 

Agurtzane Arregi Letamendi duela 44 urte erail zuten.

Memoria eta bizikidetza lantzen

Aurreko legealdian, Arrasateko Udalak memoria eta bizikidetza lantzeko bideari ekin zion. Udaletxean ordezkaritza politikoa zuten alderdien arteko elkarlana eta oinarrizko kontsentsuei esker, 1936-2018 urteen artean herrian izandako eta Arrasateko herritarrek pairaturiko indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen memoria berreskuratzeko pausoak eman ziren. Egindako memoria ikerketei jarraipena emate aldera, eta hauek oinarri bezala harturik, bai eta biktima guztien oroimen eta aitortza bideari hasiera
eman zitzaion ere.

Legealdi honetan, Bizikidetza Batzordeak beste urrats bat eman nahi izan du azaroak 10a -Memoria eguna- hildako biktimei aitortza ekitaldiak egiteko baliatzea adostuz, eta bide horretan, Arrasateko herriarekin lotura estua duten biktimak aitortuz eta oroituz. Beraz, bide honi jarraipena emateko, Arrasateko Udalak, bertan ordezkaritza politikoa duten alderdi guztien arteko adostasunari esker, motibazio politikozko indarkeriak eragindako Giza Eskubideen urraketen biktima den Agurtzane Arregi Letamendi oroitu eta aitortu nahi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak