Kulturate txiki geratu da 36ko gerraren sufrimenduen liburuko aurkezpenean

Xabi Gorostidi 2019ko ots. 13a, 19:53

Aulki guztiak beteta, eta herritar asko zutik. Kulturate goraino bete da, Memoriaren eta Bizikidetzaren Mahaiak eskatuta, Intxorta 1937 elkartekoek egin duten liburu-bilduma ezagutzeko. Honen nondik norakoak azaldu dituzte –argazki zaharren xarmak lagunduta– eta momentu hunkigarriak ere bizi izan dira aurkezpenean. 

Kulturate, goraino beteta, ekitaldia hasi aurretik.

Gaur ofizialki aurkeztuta geratu da 1936tik 1956ra Arrasaten bizi izan ziren sufrimenduak, eta eskubide urraketak batzen dituen bilduma liburua, Memoria Partekatu Baterantz. Arrasate 1936-1956. Gerra, erresistentzia eta frankismoa izena duena. Ia 400 orriko liburua da, eta bertan 104 herritarren testigantzak batu dituzte. Tamalez, horietako asko ez daude bizirik, eta horiek ere oroitzeko ekitaldia izan da. 

Memoriaren eta Bizikidetzaren Mahaiko partaideak, herritarren aurrean. 

Hasieran, alkateak hartu du hitza, Memoriaren eta Bizikidetzaren Mahaiaren izenean. Besteak beste, aipatu du, sufrimendua pairatu duten horiei egia, justizia eta erreparazio zor zaiela, eta helburu horretan aurrera egiteko balioko duela liburuak. Aitortza berezia egin die ere, faxisten altxamenduaren ondorioz Udala matxinatuen esku uztera behartuak izan ziren Udal ordezkarientzako. 

Altuna eta Garai, oholtzara igo diren unean.

Ostean, Miren Altuna eta Juan Ramon Garai igo dira oholtzara. Liburuaren atal nagusiak aipatu dituzte, atzean orduko argazki bilduma ederra proiektatzen zuten bitartean. Juan Ramon Garaik azaldu du, "Arrasaten egin gabe zegoen bigarren Kausa Orokor modukoa" dela liburua. 1941 eta 1943 urteen artean Arrasateko "gorri separatistek"  gerran eragindako kalteak epaitu zituzten frankistek, Kausa Orokorra izenarekin ezagutzen den epaiketan. "Arrasateko Udala, epaileak eta gobernadorea, bi urtez aritu ziren lan hori egiten. Baina, gorriek ezin izan zuten euren Kausa Orokorra egin 1977an, eta inpunitatea gailendu zen. Guretzako Arrasatek falta zuen Kausa Orokorra da hau, 1977an egin beharko litzatekeena". 

Ostean liburuan batutako sufrimenduak zifratan zerrendatu ditu, besteak beste, honakoak aipatuz:

  • 3000 Gerragatik alde egin zuten arrasatearra, herritarren %40. 
  • 800 Frontean borrokan aritutako arrasatearrak. 
  • 209 Gerraren eraginez hildako arrasatearrak
  • 800 Frontean borrokan aritutako arrasatearrak. 
  • 420 arrasatear preso, horietatik 6 fusilatu egin zituzten, eta hiru kartzelan hil ziren. 
  • 613 arrasatearrek lanpostua galdu zuten. 

Momentu hunkigarriak ere bizi izan dira. Lehena, Garaik, banan-banan liburuan haien testigantzak eman, eta gaur egun zenduta dauden horien izenak zerrendatu dituenean. Ostean, liburuan egin bezala, aipamen berezia egin die "lapiko artean gerra egin zuten emakume horiei", baita malko artean egin ere.

Ekitaldia amaitzerakoan, luntxa egin dute klaustroan, eta liburuaren hainbat ale ere banatu dituzte. Gaurkoan hartu ez dutenek, horretarako bi aukera izango dituzte: Fisikoki BAZen, edo PDF formatuan Udal webgunean. 

 Herritarrei liburuak banatzen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak