Omenaldi hunkigarria Isaias Carrascori

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko aza. 24a, 19:08

Arrasateko Udalak Isaias Carrasco omendu du, ekitaldi motzean bezain hunkigarrian. Udalbatzako alderdi guztietako ordezkariez gain, Carrascoren alargunak eta hiru seme-alabek hartu dute parte omenaldian, txiki geratu den udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Udalbatzako alderdi politiko guztietako ordezkariek egin diote harrera, udaletxe atarian, Carrascoren gertukoenei eta hortik guztiak igo dira goraino beteta zegoen udaletxeko osoko bilkuren aretora. Harrera beroa eta musikatua –sokazko instrumentuez osatutako laukote bat egon da– egin diete senitartekoei.

Sandra Carrasco: "Gorroto gabe bizitzen ikasi dut"

Sandra Carrascok hartu du hitza eta aita nolakoa zen azaltzen hasi du interbentzioa. Ondoren, ETAk bere aita erail izana bizitzan gertatu zaion okerrena izan dela esan du: "Denbora asko pasatu zen gertatutakoari buelta eman nion arte eta esan dezaket gaur egun ia iraganaren parte dela. Diote denborak dena osatzen duela eta nire kasuan hori lortzeko bidean nago; ez dut ahaztuko aitari egin ziotena, baina gorroto gabe bizitzen ikasi dut".

Amaieran, EH Bilduko zinegotziei zuzendu da Carrasco: "Argia eta zuzena izango naiz nire aitak aitortza hau izateko horrenbeste zalantza izan dituztenekin. Guztiok ados gaude hemen min handia egon dela esaterakoan, baina denok jarri behar dugu gure partetik elkarbizitza sustatzeko. Ez ezazue gorrotoaren eta amorruaren bidetik jarraitu, ez garamatza inora; uste dut beharrezkoa dela tarteka bestearen lekuan jartzea, bizitzan aurrerapausoak eman behar dira-eta. Prozesu hori egiten nabil ni eta ez dut esperantza galtzen zuek ere etorkizunean prozesu hori egingo duzuela. Badakit gaur ez zaudetela hemen bihotzak agintzen dizuelako, baina berdin eskertzen dizuet". Bukatzeko, ekitaldi hau antolatu izanagatik eskerrak eman ditu.

Plaka oroigarria

Ekitaldia bukatzeko Isaias Carrascoren omenezko plaka erakutsi zion Maria Ubarretxena alkateak Marian Romero eta Sandra Carrascori; orduan bizi izan ziren ekitaldiko une hunkigarrienak.

Lehen urratsa memorian eta bizikidetzan

Carrascoren omenaldiaren ondoren, Iñaki Etxaberi eta German Agirreri egingo zaien aitortza etorriko da. Bestalde, sakabanaketa politikak sortu duen sufrimendua aintzat hartzeko, urte amaiera baino lehen ezagutzera emango den proposamen konkretu bat lantzen ari dira Udalean.

Erlazionatuak

Isaias Carrascori omenaldia argazkitan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018 aza 24 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak