Emilia Larrea Saez de Adanaren aitortza berretsi du Arrasateko Udalak

Julen Murua Mesonero 2024ko aza. 11a, 16:38

Duela 46 urte hil zuen Emilia Larrea Guardia Zibilaren bala galdu batek. Espainiako Gobernuak biktima gisa aitortzea ukatu zion arren, Eusko Jaurlaritzak eman zion aitortza, eta, domekan Arrasateko Udalak berretsi zion aitortza hori, ekitaldi batekin.

Hilaren 15ean 46 urte beteko dira Guardia Zibilaren bala galdu batek Emilia Larrea hil zuenetik. Arrasateko Udalak biktima gisa aitortu zuen atzo, udaletxeko Areto Nagusian egin zen ekitaldi batean. Arrasate Musikalak zabaldu zuen aitortza ekitaldia, Txoriak txori interpretatuta. Jarraian, Larrearen familiakoek hartu zuten hitza eta Emilia izan zuten gogoan. Maider Morras Arrasateko alkateak ere hitz egin zuen, instituzioetatik biktimak aitortzearen garrantzia azpimarratuz. Azaroaren 10aren harira egin zuten ekitaldia, hori baita Memoriaren Nazioarteko Eguna.

Hil zutenean 52 urte zituen Larreak. Eskoriatzakoa zen arren, Arrasateko Larrea baserrian bizi zen, hiru seme eta senarrarekin. Hain zuzen, etxeko atarian zegoen 1978ko azaroaren 15ean, Jesus Murgiondo semea eta Crescencia Vidaurreta auzokidearekin eta haren alabarekin batera, baserritik tiro hotsak entzuten hasi zirenean. Atzera aurrera hasi zen Emilia, tiroek lanetik bueltan zetorren Inaxio seme zaharrena harrapatuko zuten kezkaz. Baserritik metro gutxira gertatu zen tiroketa batetik zetozen tiroak.

Egun horretan bertan, arratsaldez, Komando Autonomo Antikapitalistetako kideek Aretxabaletako kuartela metrailatu zuten. Kaleko jantzita zihoazen hainbat agentek Arrasateraino jarraitu zituzten, eta tiro egin zieten: kideetako bi hil zituzten eta beste kide bat eta bi oinezko zauritu zituzten. Hiru minutu igarota, Arrasateko hainbat guardia zibil agertu ziren bertara, baina uniformerik gabeko guardia zibilak ezagutu ez eta tiro egin zieten. Balek ez zituzten guardia zibilak jo, bai, ordea, baserriko atarian zegoen Emilia Larrea.  Lepoan jo zuen bala batek, eta bertan hil zen. Crescencia Vidaurreta auzokidea ere jo zuen beste bala batek izterrean.

Ikerketarik ez

Egun hartatik egunak eta urteak igaro arren, ez zen gertakaria ikertu. Hala ere, herritarrek haserre erantzun zuten: manifestazioak eta grebak egon ziren Arrasaten egitate haren harira.  Familiak indarkeriaren biktimatzat onartzeko eskaria egin zuen Indarkeriaren Biktimen Legearen babesean, baina Espainiako Barne Ministerioak ukatu egin zuen eskaria. Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak, ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuaren esparruan, biktima-izaera onartu die bai Emilia Larreari, bai Crescencia Vidaurretari.

Arrasateko Udalak 2016an hasi zuen indarkeriaren biktima izan edo giza eskubideen urraketak jasan zituzten Arrasatearrei aitortza egiteko prozesua. Urtero aitortza egiten diote herritar bati, eta testuinguru horretan antolatu zuten domekako ekitaldia ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak