Oroimen eta aitortza ekitaldia, erail eta 45 urtetara

Miren Arregi Amasorrain 2020ko urr. 17a, 13:25

1975eko urrian erail zituzten Iñaki Etxabe Orobengoa eta German Agirre Irasuegui omendu ditu Arrasateko Udaleko Bizikidetza Batzordeak. Hala, udalak, "biktima guztiei dagozkien eskubideak, gertatutakoaren egia izatea, justizia eta erakundeen aitortza" berretsi dizkie.

Biktima guztiei egia, justizia eta erreparazioa dagozkiela aldarrikatu du Maria Ubarretxena alkateak Bizikidetza Batzordearen izenean, gaur arratsaldean, Arrasateko osoko bilkuren aretoan egindako ekitaldian. Izan ere, erail eta 45 urtetara, Agirre eta Etxaberen familiek ez dute inoiz lortu biktima izaeraren aitortzarik: "biktima moduan dagozkien egia, justizia eta aitortza ukatu zaizkie", azaldu du Ubarretxenak. Hala, "ofizialki biktima moduan onartzeko udalak dituen bide guztiak senideen esku ipiniko" dituela jakinarazi die. 

Ubarretxenak 45 urteren ondoren iritsitako aitortza berandu datorrela onartu du, hala ere, "beranduegi ez izatea espero" duela azaldu die senitartekoei: "Aitortu gura dugu 45 urteko udal aitortza instituzionalaren hutsunea, aitortu gura dugu izandako isilunea eta behar zenuten babesa eman ez izatea. Aitortu gura dugu horrek eragin dizuen berbiktimizazio instituzionala eta eragin ahal izan dizuen min gehigarria".

Arrasateko udalak 2016an hasi zuen memoria eta elkarbizitzaren aldeko apustua, bizikidetza berreraikitzeko ezinbesteko urrats bezala. Gaurkoarekin, azaldu du, jarraipena eman gura diote "elkarlanetik eta akordiotik landu beharreko memoriaren eta aitortzaren bideari".

Senitartekoen aldarriak

Ekitaldi xumea eta sentitua izan da gaurkoa. Pandemia egoerak bultzatuta, bilkuren aretoan kopurua mugatua izanik, Kulturaten ipinitako pantaila baten bitartez jarraitu ahal izan dute ekitaldia hainbat eta hainbat herritarrek. Musikarik ez da falta izan, ez eta aitortza irudikatzen duen oroigarririk ere.

Senitartekoek ere hartu dute hitza. Iñaki Etxaberen bilobak, Miren Arejolaleiba Etxabek azaldu du, estatuko poliziaren biktimak izan direla onartzea eta ikerketa martxan jartzea ezinbestekoak direla: "Oraindik zauri asko zabalik daude eta horiek itxi ahal izateko ezinbestekoa da gertatutakoa jakitea". German Agirreren biloba Andoni Agirrek alargun geratu ziren bi emakumeei egin die erreferentzia: "Omenaldi hau, Iñaki etxabe, German Agirre eta euren familiei zuzenduta badago ere, guk haien alargunak omendu gura ditugu: Marian Angeles eta Mari Carmen. Zuek izan zarete 45 urte hauetan gehien sufritu duzuenak eta indarrez eta kemenez zuen seme alabak aurrera atera dituzuenak".

Bi hilketa aste baten

Prestakuntza paramilitarreko hiru lagun tiroz sartu ziren urriaren 5ean Etxabe Enea Jatetxean, Kanpanzarren. Bertan hil zuen Iñaki Etxabe. Batallon Vasco Españolek bere gain hartu zuen erailketa gerora. German Agirre, berriz, astebetera aurkitu zuten hilda Santa Engraziko urtegiaren ertzean, Legution. Agirreren hilketa Etxaberenarekin lotu zen bai arrazoietan zein egiletzan.

Erlazionatuak

Oroimen eta aitortza ekitaldia argazkitan

Imanol Beloki Unamuno 2020 urr 16 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak