Gaur omenduko dituzte Iñaki Etxabe eta German Agirre

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 16a, 11:51
Ezkerrean, Iñaki Etxabe eta eskuman, German Agirre.

Gaur, egubakoitza, oroimen eta aitortza ekitaldia egingo diete German Agirreri eta Iñaki Etxaberi, Arrasateko udaletxeko osoko bilkuren aretoan. 1975eko urriaren 5ean erail zuten lehena eta handik astebetera, urriaren 12an, bigarrena. 

Arrasateko Udalak Memoria partekatu baterantz 1956-2018 txostenean jasota du familiak Kanpanzarren zuen jatetxean, Etxabe Enean, erail zutela Iñaki Etxabe, 39 urte zituela. "Anaia Luisek ezkutatzea lortu zuen, eta bizirik irten zen. Hiru erasotzaileek, tiro egin aurretik, ke eta gas potoak jaurti zituzten bezeroen artera. Esan zenez, erasoaren helburua hirugarren anaia izan zitekeen, Gregorio, Arrasateko Udaleko zinegotzia baitzen. Hala zioen Juan Jose Etxabek. Juan Atares Peña Guardia Zibileko jeneralak ustez ETAren Arantzazuko atentatuaren ondoren esandako esaldi hau aipatzen du: 'Gaurkoan gogoratuko da Arrasate gutaz'. Elisabete Bizkarralegorra legelariak kontatzen duenez, erasotzaileek 'zuen bila gatoz' esan zuten tiroka hasi aurretik. Atentatu hura gerora hartu zuen bere gain Batallon Vasco Españolek", dio txostenak.

German Agirreri dagokionez, txosten berak dioenez, taxilaria hilik aurkitu zuten Santa Engraziko urtegiaren ertzean, Legution (Araba), Guardia Zibilaren herriko kuarteletik ehun metro ingurura. Bergararra zen izatez, baina Arrasaten egiten zuen lan. Hil zutenean, Agirrek 38 urte zituen, eta bi seme-alaba. Txostenak dioenez, Agirrek hiru bala-zauri zituen buruan. "Iñaki Etxaberen aurka Kanpanzarren egindako atentatua nork egin zuen eta Bengoa tabernako lehergailua nork jarri zuen jakin zezakeelako hil zutela uste da. Arrasaten zuen taxi-geralekua, eta sei urte zeramatzan herrian bizitzen", jasotzen du txostenak. Inkontrolatuak izan ziren Agirre erail zutena; hau da, eskuin muturreko kideak eta Estatuko segurtasun indarretako zenbait kide zituen taldea.

Ainhoa eta Olatz Etxabe: "Aitortza behar dugu, egia, zauriak osatzeko"

Ainhoa eta Olatz Etxabe, GOIENAko egoitzan.

Kanpanzarren Etxabe Enea jatetxea zeukan Etxabe familiak eta han bertan bizi ziren, 1975eko urriaren 5eko gaua iritsi zenean. "Oso ondo gogoratzen dut gau hura. Anai-arrebok eta ama ohean geunden, eta tiro batzuk entzun genituen. Hori dela eta, ama eta ni jaitsi egin ginen eta aita lurrean ikusi genuen, hilda", azaldu du Olatz Etxabek. "Hiru kaputxadun sartu ziren jatetxera, eta han zeudenei esan zieten lurrean etzateko, gas moduko bat botaz. Aita sukaldetik irten zen, ea zer gertatzen ari zen ikusteko, eta 18-20 tiro eman zizkioten. Osabak, hori entzutean, denbora eduki zuen biltegian ezkutatzeko", gaineratu du.

Dituen oroitzapenak "gogorrak" direla onartu du Olatzek. "Baina oroitzapen gogorragoak dira amaren egoerarenak aitarenak baino. Aita lurrean hilda zegoen, eta ama guztiz bere onetik kanpo", dio. Ondorengo orduetan shock moduko bat izan zuela adierazi du, eta ez duela ondo gogoratzen. "Hurrengo egunean, osaba batzuen etxera joan nintzen. Gogoratzen dut hiletara joan nahi nuela eta ez zidatela uzten, baina, azkenean, lortu nuen han egotea". Garai hartan, oinez joaten ziren elizatik kanposantura. "Gogoratzen dut Portaloitik pasatu ginenean Guardia Zibilak zeudela guri apuntatzen. Gure aitaitak esan zien: 'Ez al duzue nahikoa egin?".

"Biktima erraza zen haientzat"

Ainhoak azaldu duenez, hilabete lehenago bonba batzuk jarri zizkieten eta gurasoek erabaki zuten Kanpanzar utzi eta kalera jaistea bizitzera, herrian bertan negozio bat zabaltzeko. "Hala ere, ez zigun denborarik eman". Urriaren 5ean bertan izan zen ETAren Oñatiko atentatua, Guardia Zibilaren aurkakoa. "Horren ondoriozko mendeku bat izan zen gurea. Gure aita erraza zen haientzat, bazekiten non bizi zen, eta familia guztiari min egiteko modu bat izan zen".

Zigorrik ez dago oraindik

Autopsiaren emaitza ere ez dakite oraindik. "Hilabetera, amari autopsiaren faktura iritsi zitzaion, baina ez autopsia bera". Urtebeteren ostean, Batallon Vasco Españolek bere gain hartu zuen erailketa. "Hala ere, inor ez dute zigortu horregatik. Bere garaian, atestatu batzuk egin ziren eta ikerketa bat hasi zuten, baina ez daukagu modurik horiek eskuratzeko. Horiek dira erailketa izan zela frogatzeko modu bakarra. Dirudienez, 50 urte pasa behar dira horretarako".

Etxabetarrek azaldu dute oraingoz ez dutela aukerarik atentatu bat izan zela frogatzeko. "Aitaren erailketak ez du izan aitortzarik. Behar dugu aitortza hori, norbaitek esatea haiek izan zirela, gaizki egon zela, eta barkamena eskatzea. Guk ere egia behar dugu. Zauriak ez dira ondo sendatzen egiarik eta aitortzarik ez badago. Hala ere, epe motzera, zail ikusten dut Estatuak aitortza hori egitea, gauzak asko aldatu beharko lirateke horretarako".

Agirreren senideek, ezezkoa

German Agirreren senitartekoekin ere jarri da harremanetan GOIENA, baina uko egin diote gonbidapenari, hedabideetan agertu gura ez dutela arrazoituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak