INOereLIBRE: "Nekatuta gaude herri honek urratsak eman eta entzungor egiten tematzen direnekin"

Amaia Txintxurreta Guridi 2015ko urt. 12a, 20:27

Gogor salatu dituzte Guardia Zibilak gaur, astelehena, egindako atxiloketak, iluntzean Arrasateko Herriko Plazan egin den mobilizazioan. INOereLIBRE ekimenak deitu du eta esan dute bakearen eta eskubide zibil eta politikoen alde lanean jarraitzea dela gaurkoa bezalako erasoei erantzuteko modurik "efikazena". Ino Galparsoro auzipetu arrasatearra ere bertan izan da eta gaineratu du herri honek daukan "presoekiko elkartasuna eta askatasun gosea" ez duela etengo gaurko sarekadak.

"Nekatuta gaude euskal herritarron borondateari eta konponbide nahiari Espainiako Gobernuak behin eta berriz ematen dion erantzunarekin. Nekatuta gaude ehiza zentzugabe eta giza eskubide oinarrizkoenen eraso atergabearekin. Nekatuta gaude herri honek urratsak eman eta entzungor egiten tematzen direnekin", horixe adierazi du INOereLIBRE ekimeneko Xabier Zubizarretak mobilizazioaren amaieran.

Hala ere, gaineratu du nekatuta daudela, baina ez dela neke geldiarazlea ezta suntsitzailea ere: "Alderantziz, egunez egun indar handiagoa eta erabakitasun irmoagoa dugu, baita gaur ere, bidean aurrera egiteko eta giza eskubide guztien defentsan lanean segitzeko".

Galparsororen hitzak

Ino Galparsoro Arrasateko auzipetua iritsi da mobilizazio momenturako Madrildik eta halaxe gogoratu du gertatutakoa: "Gu tartean aurkitu gara, izan ere, gaur hasten zen epaiketa. 35ok eta sei abokatu geunden atzo Madrilen hotelean eta gauean guztiok joan ginen ohera baina gaur goizean hiru abokatu falta ziren, izan ere, poliziak eraman ditu. Ni neu hantxe bertan nengoen, baina ez ditut ikusi."

Hauxe gaineratu du: "Bueltan etorri gara amorru handiarekin, baina era berean, konbentzituta herri honek daukan presoekiko elkartasuna eta askatasun gosea sarekada honek ez duela etengo."

Epaiketa udarara arte luza daiteke

"Ez dakigu oso ondo nola jarraituko duen. Epaileak esan digunez, izan daiteke edo datorren astean jarraitzea abokatuak libre egon eta defendatzeko aukera izango dutelako, edo horrela ez bada, atzeratzea. Badirudi berak agenda oso beteta duela eta komentatu digu beharbada atzeratuko dela ia udarara arte", halaxe jakinarazi du Galparsorok.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak