"Frantzia eta Espainiako Gobernuek errepresioa erabiltzen jarraitzen dute ezker abertzaleko kideon aurka: atxiloketak, dispertsioa eta epaiketa politikoak dira jarrera horren lekuko. Datorren astelehenean makro-epaiketa berri bat hastera doa Madrilen, 04/08 edo Segura bezala ezagutua.
Makro-epaiketa honetan Batasunako kide izatearren 35 euskal herritar epaituko dituzte eta bakoitzari 10 urteko espetxe zigorra ezarri nahi dio fiskalak. Ezker Abertzaleko 35 militante hauen artean 3 bergarar daude Aittor Aranzabal, Mikel Garaiondo eta Mikel Zubimendi.
Epaiketa hauen helburua euskara, feminismoa, independentzia eta sozialismoaren aldeko lana zigortzea da. Lan politiko hutsa da epaitzen dena, estatuak bere helburu politikoak lortzeko erabiltzen ditu epaiketak, horregatik esaten dugu epaiketa politikoak direla.
Konponbide garaia da. Euskal Herritarroi gure etorkizuna erabaki eta justizian oinarritutako bakea eskuratzeko ordua heldu da. Horrela ulertzen du Sortuk eta horrela ulertzen du Euskal Herritarren gehiengo oso zabal batek. Sortuk konpromisoa osoa dauka bakearekin eta eraso hauek ez gaituzte milimetro bat ere mugituko konponbidearen bidetik.
Aitziber Plazaola Xibo-ren kasuan erakutsi genuen herri presioa dela errepresioari aurre egiteko bide eraginkorrena. Xiborekin bezela Aittor, Garaiondo eta Mikelon-ekin bezela absoluzioa lortu dezakegu, baina, mobilizatu beharra dago.
Gauzak horrela, astelehenean 7etan Bergarako Plazan kontzentrazioa egingo dugu 3 bergararren eta gainontzeko auziperatuen askatasuna eskatzeko. Bide batez, gure besarkadarik beroena bidali nahi diegu Aittor, Mikelon eta Garaiondori eta beraien senideei".