Beroaldia (2026ko ekaina)

Hainbat aldaketa izango dira herrietako San Juan bezperako ekitaldietan

Mirari Altube Arrese 2026ko ekainaren 23a

Euskalmetek alarma egoera ezarri du eguaztenera arte muturreko tenperatura altuengatik eta horren ondorioz, Debagoieneko udalerrietan hainbat aldaketa egin dituzte gaurko, ekainaren 23rako, iragarritako egitarauetan; Elgetan, Aramaion eta Leintz Gatzagan, esaterako, ez dute San Juan surik egingo.

Gaur gaurkoz Debagoieneko hiru herritan utzi dute bertan behera San Juan bezperan egin ohi den sua, Elgetan, Aramaion (Azkoaga auzoan) eta Leintz Gatzagan. Hori bai, gainerako herrietan Udalak antolatutako su bakarra egin ahal izango da, eta bereziki debekatu dituzte landa-eremuetakoak. Gainera, petardoak, etxafuegoak eta antzeko elementuak erabiltzea debekatuta egongo da.

Horrez gain, egitarauetan ere iragarri dituzte aldaketak hainbat herritan; ekitaldi batzuk bertan behera geratuko dira eta ordezkoak antolatu dituzte.

Arrasaten sua bai

Arrasaten ohi legez piztuko dute sua Herriko Plazan, 22:30ean, baina herriko bakarra izango da; gainerakoak debekatuta egongo dira. Gainera, pirotekniak erabiltzea ere debekatuta egongo da, hau da, suziriak, petardoak, bengalak eta sua duen edozein elementu, entzierroaren hasierako eta amaierako suziriak izan ezik, funtsezko segurtasun elementuak baitira. 

Egitarauari dagokionez, ekainaren 23rako antolatutako umeen puzgarriak urezkoak izango dira, eta Zaldibarrera lekualdatu dira. Gazte bazkari herrikoia, Seber Altube plazan izan beharrean Azoka Plazan izango da. Era berean, Seber Altube Plazan aurreikusitako haurrentzako disko-festa, 18:30ean, Zaldibarreko haur parkean egingo da, zuhaitz artean.

Bestetik, Errementari dantzan zehar bi geldialdi gehitu dituzte dantzariak hidratatu eta deskantsatzeko.

Ekainaren 24an, ostera, 80 urtetik gorakoei egin ohi zaien omenaldia bertan behera geratuko da, eta datozen asteetan hitzordu berri bat zehaztuko da. Monterron parkean egitekoa zen Arrasate Musikaleko musika bandaren kontzertua San Frantzisko elizan egingo da. Eta errekortarien erakustaldia bertan behera geratuko da, hortaz, aurretiaz sarrera erosi dutenei dirua itzuliko diete. 

Su-artifizialak mantendu edo ez baloratzeko suhiltzaileen gomendioei egingo diete kasu. Aurreikusita dago alerta horia suteengatik, eta egunean bertan baloratuko da.

Gainerako herrietan

Oñatin, Olaitturrin piztuko dute sua, 22:00etan. Eta Udalak eskatu die landa-auzoetako antolatzaileei eta herritarrei landa guneetan surik ez egiteko.

Bergaran, Seminarioko patioan, 22:30ean, eta Osintxuko plazan, 22:00etan, egin ohi diren suak bakarrik piztuko dituzte baina horien tamaina murriztu egingo dela iragarri dute Udaletik. Gainerakoak, auzo eta baserri inguruetakoak debekatuta egongo dira.

Aretxabaletan, Herriko Plazako sua bakarrik piztua ahal izango da; 22:15ean izango da hori. Dantza Plaza eta buruhandien eta erraldoien kalejira bertan behera geratu dira eta horien ordez ur-puzgarriak jarriko dituzte Mitarte kalean, 17:30etik 20:30era.

Eskoriatzan, gaurko, martitzenerako, antolatutako Txorimaloaren bila ekitaldia eta buruhandiak dira egingo ez diren ekintzak. Horrez gain, gazteek plazan tantaia jasoko duten arren, sua ohikoa baino txikiagoa izango da, 22:00etan. Ekainaren 24ari dagokionez, Olazar jubilatuen elkarteak antolatutako merienda bertan behera geldituko da.

Antzuolan ez da aldaketa handirik izango, ordutegian bakarrik. Sua piztuko dute ordu erdi beranduago, 22:30ean, hain zuzen ere; eta ohikoa baino txikiagoa izango dela iragarri dute.

Elgetan, San Juan sua bertan behera uztea erabaki du Udalak; gainerako ekintzak mantendu egingo dituzte.

Aramaion, Azkoaga auzoan egin izan dute sua –Ibarran ez da egin izan–. Baina alarma egoera dela eta ez egitea erabaki dute.

Leintz Gatzagan ez dute surik isiotuko eta horren ordez, ur-jolasak egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak