Udalak jakitera eman duen moduan, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak ekainak 23rako alerta laranja du aktibatuta beroagatik, eta abisu horia baso-sute arriskuagatik Gipuzkoako barnealdean. Suhiltzaileen gomendioen arabera, alerta laranja edo alarma gorria indarrean dagoenean ez dira suak piztu behar, eta su irekia bereziki da arriskutsua landa eremuetan eta baso inguruetan abisu horia dagoenean. Hori guztia ikusita, Oñatiko Udalak eskatu nahi die landa-auzoetako antolatzaileei eta herritarrei landa guneetan suak ez pizteko, San Juan surik ez egiteko.
Olaitturrikoa bai
Olaitturrin egin asmo duten San Juan sua baina, egingo da "segurtasun baldintza eta zaintza lana bermatzen bada eta , bestelako debekurik ez baldin badator". 22:00etan izango da Olaitturriko ospakizuna, bihar, martitzena. Txantxiku Ikastolak eta Oñatiko Udalak antolatuta izango da, eta parte hartuko dute Oñatz dantza taldeak, Aita Madina txistulari taldeak, Jose de Azpiazu musika eskolako musikariak eta Txinparta bertso eskolako kideak.
Udalak esan du iragarpenak aldatzen badira, jakinaraziko duela edozein aldaketa.