Beroak eragindako alarma gorria dela-eta, hainbat aldaketa sanjuanetan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko ekainaren 22a

Errementari dantza San Juan Suaren bueltan, airetik ikusita.

Muturreko beroak zuzenean eragingo du San Juan jaietako egitarauan, gutxienez ekainaren 23ko eta 24ko ekintzetan. Udalak eskatu du "ardura kolektiboz" jokatzeko, eta Azoka Plaza ere babesgune klimatiko bezala irekiko dute. 

Ekintza batzuk bertan behera geratu dira segurtasunagatik, eta, beste batzuk, leku seguruetara lekualdatu ditu. Neurri horiez gain, sute alerta horia ere indarrean egongo da egunotan, eta ondorioz, piroteknia eta landa eremuetan sua egitea debekatu dira dekretuz.

Kalean egitekoak ziren hainbat ekintza moldatu egin behar izan ditu Udalak ekainaren 23 eta 24an; beste batzuk, ordea, bertan behera geratu dira. Hona hemen aldaketa esanguratsuenak: 

  • Ekainaren 23an
    • Umeen puzgarriak urezkoak izango dira, eta Zaldibarrera lekualdatu dira.
    • Gazte bazkari herrikoia, Seber Altube plazan izan beharrean Azoka Plazan izango da.
    • 18:30ean Seber Altube Plazan aurreikusitako haurrentzako disko-festa Zaldibarreko haur parkean egingo da, zuhaitz artean.
    • Errementari dantzan zehar 2 geldialdi gehitu dira dantzariak hidratatu eta deskantsatzeko.
    • Herrian zehar edota landa auzoetan egin ohi diren San Juan suak debekatu ditu Udalak, sute arriskuagatiko alerta horiagatik, Herriko plaza Nagusiko San Juanen sua izan ezik.
  • Ekainaren 24an 
    • 80 urtetik gorakoei egin ohi zaien omenaldia bertan behera geratuko da, eta datozen asteetan hitzordu berri bat zehaztuko da.
    • Monterron parkean egitekoa zen Arrasate Musikaleko musika bandaren kontzertua San Frantzisko elizan egingo da.
    • 19:30etako zezen plazako errekortarien erakustaldia bertan behera geratuko da, antolatzaileek hala eskatuta eta Udalak egoki baloratuta. Aurretiaz sarrera erosi dutenei dirua itzuliko zaie. Datozen egunetan jakinaraziko da noiz eta nola.  
    • Egunean bertan suhiltzaileen gomendioei jarraituko zaie su artifizialak mantendu edo ez baloratzeko. Aurreikusita dago alerta horia suteengatik, eta egunean bertan baloratuko da. 

Piroteknia eta landa auzoetako suak, debekatuta 

Su arrisku alerta horia indarrean dagoen bitartean, Udalak dekretu bat atera du San Juan suak debekatuz, Herriko Plazakoa izan ezik. Gainera, pirotekniak erabiltzea ere debekatuta egongo da, hau da, suziriak, petardoak, bengalak eta sua duen edozein elementu, entzierroaren hasierako eta amaierako suziriak izan ezik, funtsezko segurtasun elementuak baitira. 

Azoka Plaza babesgune klimatiko berria, ardura kolektiboa eta Udalaren aholkuak

Alerta gorriaren aurrean, Udalak, ohiko aholkuak gogorarazteaz gain, Azoka Plaza zabalduko du babes klimatiko gune berri bezala. Zabalik izango da goizean goizetik, 19:00ak arte. Ez-ohiko larrialdietako neurri hau ekainaren 22an sartuko da indarrean, eta ekainaren 23 eta 24an zehar luzatuko da gutxienez. Datozen egunetan baloratuko da ez-ohiko neurri hauek luzatu behar diren edo ez.

Gainera, Udalak ardura kolektiborako deia zabaldu du: "Norbere buruak zaindu eta ondokoak laguntzeko, eta alerta gorriak arduraz hartzeko". Udalak ohiko aholkuak gogorarazi zitu:

  • Eguerdiko orduetan eguzkitan ez egotea. Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.

  • Behar bezala hidratatzea, maiz ur freskoa edanez, egarri izan arte itxaron gabe.

  • Arropa arina, zabala eta izerditzen uzten dutena erabili.

  • Saihestu jarduera fisiko bizia egitea tenperatura altuko aldietan, eta batez ere bero handieneko orduetan.

  • Etxean, leihoak eta pertsianak itxita eduki tenperatura altua denean.

  • Bero handia nabaritzen bada, hartu dutxak edo ur hotzeko bainuak, edo freskatu gorputza, batez ere aurpegia eta eskuak, ur freskoarekin eta oihal edo belaki bustiekin.

  • Etxea freskatzerik ez badago, leku fresko batean (aire girotua duen eraikin publiko batean) eguneko 2 ordutik 3ra pasatzea. Etxaluze eta Zigarrolako Adinekoen Zentroak aterpe klimatiko gisa erabil daitezke: bero-boladetan babesleku diren guneak. Kanpoko espazio itzaltsuak (Monterron eta Santa Barbara parkeak) ere babesleku izan daitezke.

  • Inoiz ez utzi inor aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean, nahiz eta itzalpean egon.

  • Adineko pertsonek, batez ere bakarrik bizi direnek edo mendekotasuna dutenek, babes-neurriak hartzeko zailtasunak izan ditzakete; beraz, komeni da gutxienez egunean behin bisitatzea.

  • Osasun Zentroari kontsultatu tenperatura altuekin lotutako sintomak (ahultasuna, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa, zorabioa...), ordubete baino gehiago luzatzen badira.

  • Larrialdiren bat izanez gero, deitu 112 telefonora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak