Beroaldia aurreikusi denez, Udalak erabaki du haurrentzako puzgarriak urezkoak izatea –barraken ordez, puzgarriak jarriko dituzte aurten ere–. Ekainaren 23an eta ekainaren 24an Zaldibarren jarriko dituzte puzgarriok. Ordutegia izango da 12:00etatik 14:00etara artekoa eta 16:00etatik 19:00etara artekoa.
Beroaldia: Arrasateko Udalaren gomendioak sanjuanetarako
Iragarpen horiek ikusita, Arrasateko Udalak gomendio batzuk eman ditu beroak pertsonen osasunean dituen ondorioak prebenitzeko, eta osasun-larrialdi bihur daitezkeen egoerak ekiditeko baliagarriak izan daitezkeenak, batez ere adineko pertsonen, patologia kronikoak dituzten pertsonen eta umetxoen artean. Honakoak dira:
- Eguerdiko orduetan eguzkitan ez egotea. Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan sei hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
- Behar bezala hidratatzea, maiz ur freskoa edanez, egarri izan arte itxaron gabe.
- Arropa arina, zabala eta izerditzen uzten dutena erabili.
- Saihestu jarduera fisiko bizia egitea tenperatura altuko aldietan, eta batez ere bero handieneko orduetan.
- Etxean, leihoak eta pertsianak itxita eduki tenperatura altua denean.
- Bero handia nabaritzen bada, hartu dutxak edo ur hotzeko bainuak, edo freskatu gorputza, batez ere aurpegia eta eskuak, ur freskoarekin eta oihal edo belaki bustiekin.
- Etxea freskatzerik ez badago, leku fresko batean (aire girotua duen eraikin publiko batean) eguneko 2 ordutik 3ra pasatzea. Etxaluze, Usaetxe eta Zigarrolako Adinekoen Zentroak aterpe klimatiko gisa erabil daitezke: bero-boladetan babesleku diren guneak. Kanpoko espazio itzaltsuak (Monterron eta Santa Barbara parkeak) ere babesleku izan daitezke.
- Inoiz ez utzi inor aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean, nahiz eta itzalpean egon.
- Adineko pertsonek, batez ere bakarrik bizi direnek edo mendekotasuna dutenek, babes-neurriak hartzeko zailtasunak izan ditzakete; beraz, komeni da gutxienez egunean behin bisitatzea.
- Osasun Zentroari kontsultatu tenperatura altuekin lotutako sintomak (ahultasuna, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa, zorabioa...), ordubete baino gehiago luzatzen badira.
- Larrialdiren bat izanez gero, deitu 112 telefonora.