Beroaldia (2026ko ekaina)

Auzo eta baserrietan suak piztea debekatu du Bergarako Udalak alarma gorriagatik

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko ekainaren 23a

Euskalmetek tenperatura altuengatik alarma egoera ezarri du eta Bergarako Udalak zenbait neurri ezarri ditu sute arriskuagatik. Auzo eta baserrietan San Juan sua piztea debekatu du, eta Seminarioko patioan eta Osintxuko plazan egingo direnen tamaina murriztu du.

Era berean, guztiz debekatu du piroteknia erabiltzea, hala nola, txafleroak, petardoak, bengalak eta sua duten edozein elementu, "arrisku handikoak direlako". Herritarrei lankidetza eskatu die segurtasuna bermatzeko eta suteak saihesteko.

Auzoetan ere zabaldu dute mezua sua ez egitea eskatuz: "Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak emandako gomendioei jarraituz, Bergarako Udalak auzo eta baserritetan piztu ohi diren suak debekatzeko dekretua kaleratuko dugu. Kontu handik ibiltzea eta baso-masetatik hurbil dauden eremuetan surik ez egitea eskatzen da, gerta daitezkeen suteak saihesteko".

Herritarrendako babes gomendioak

Horretaz gain, bergararrei ere hainbat babes gomendio helarazi dizkiete: ura maiz edatea, eguzki zuzenetik aldentzea, leku freskoetan edo klimatizatuetan babestea, babes klimatikoaren eremuak erabiltzea eta haurrak eta adinekoak, bereziki, zaintzea.

Herrian babesgune klimatikoak ere zabalik egongo dira irailaren 30era arte, beroagatik alerta laranja edo gorria aktibatzen denean, 10:00etatik 20:00etara. Zerbitzua doan izango da eta ez da izenik eman behar. Babesgune klimatikoen kokaguneak dira Martokoko herritar gunea, Zabalotegiko herritar gunea, Agorrosingo gela, Osintxun liburutegia eta Opengela, Labegaraietako kiroldegian kirol elkarteen gela eta San Joxepe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak