Gaur gaueko San Juan sua bertan behera uztea erabaki du Elgetako Udalak "muturreko tenperatura altuengatik ezarritako alerta gorria dela eta". Sua da bertan behera gelditzen dena; San Juan bezperarekin lotutako gainerako ekintzak mantendu egiten dira
Hala, mantendu egiten dira Maala guraso elkarteak antolatutako DJ Kaktus-en emanaldia (18:00-19:30), eta ogitartekoen banaketa (20:30).
Ur putzuak
Bestelako neurriak ere hartu ditu Udalak. Horien artean atzo eta gaur arratsaldean Emakume Erresistenteen Plazan zabalik izango diren ur putzua. Udalekuetako umeek erabiliko dituzte goizez eta zabalik izango dira publiko orokorrarendako bi arratsaldez.
Moldaketak udal langileen ordutegian
Kanpoan lan egiten duten udal langileen lan ordutegia ere egokitu egin du Udalak. 06:30etik 13:30era egingo dituzte kanpoko lanak eta 12:00etatik aurrera barruko lanetara bideratuko dute jarduna.
Bestalde, beroaldiari aurre egiteko gomendio sorta jasotzen duen esku-orria jasoko dute postontzian herriko adinekoek.