Ezohiko batzar nagusia Illunben, Donostian, egingo dute taldea osatzen duten bederatzi kooperatibek, 10:00etan lehen deialdian eta 10:30ean bigarrenean. Kooperatibek autobus bereziak antolatu dituzte, goizeko lehen ordutik, lantegietatik aterata, Donostiarako joan-etorria egiteko.
Harreman eredu berria
Ezohiko batzar bereziak sei puntu ditu. Mamia bi puntutan dago: 2. eta 3. puntuetan, hain justu ere. Bigarren puntuan honako hau jasotzen da: "Hala badagokio, Mondragon Kooperatiba Korporazioarekin harreman eredu berria onartzea berrestea. Honetan datzana: batetik, Ulma Taldeko bazkide diren kooperatibek Mondragonen baja ematea adostea eta horren ondoriozko akordioak egitea. Bestetik, Ulma Taldea kooperatiba elkarteko Kontseilu Errektoreari jarraibideak ematea etorkizunean Mondragonekin lankidetzak bultzatzen saiatzeko kooperatiba-mugimendua garatzeko eta orain arte Mondragon Fundazioak kudeatzen dituen funtsei egiten diren ekarpenak kooperatiben mugimendua garatzeko erabiltzen jarraitu ahal izan daitezen arauen garapena bultzatzeko".
Hirugarren puntuan, ostera: "Hala badagokio, Sistema industrialak-Ulma Taldea Kooperatiba elkartea dibisioaren baja onartzea Mondragonen!".
Bozketa Ulma Taldea osatzen duten bederatzi kooperatibak –hauen organoak eta hauen bazkideak– areto berean direla egingo da. Modu telematikoan. Modu horretan jakingo da taldeko kooperatiba bakoitzak zer bozkatu duen eta bederatzi kooperatibetako boto guztien baturak emango du azken emaitza.
Ezohiko batzar honen bidez, Ulma Taldeak Korporazioarekiko beste harreman modu bat bilatzen du: Korporazioari atxikitako kooperatiba talde izateari laga eta hitzarmen bidezko harremana sortzea; modu horretan, kooperatiba bakoitzaren betebeharrei uko egin barik eta izaera kooperatiboari eutsiz, kooperatiba bakoitzari ahalbidetuz Korporazioarekin harreman iraunkorrak izatea.
"Aniztasunari lekua"
Ulma Taldeak Korporazioa uzteko asmoa zuela, eta hori erabakitzeko, bazkideak ezohiko batzar nagusi batera deituko zituela jakin zenetik, urriaren 28tik, informazioa behin bakarrik zabaldu du, kanpora, modu ofizialean Ulmak; besteak beste, Ulmako bazkideen autonomian injerentziak egitea leporatu zuen. Ugariak izan dira informazio eskariak eta elkarrizketa eskariak, Goienaren partetik eta, oro har, hedabide guztien partetik. Baina Ulmak ez du ezer esan, ofizialki. Informazioa, barruan, bazkideekin partekatu du eta horri esker jakin du Goienak, eta herritarrek, Ulma Taldearen asmoen berri. Esaterako, Ulma Taldeak esaten duela Mondragon Korporazioaren Kongresuari aurtengo udaberrian egin zitzaion proposamena ez zela "berria", baizik eta "alternatiboa". Era berean, ez zela eskakizun bat, baizik eta "epe eta modu egokian egindako ekarpena", Batzorde Iraunkorrak berak ezarritako arauen barruan egindakoa, Ulmaren esanetan. Proposamen "alternatibo" horrek Mondragonek Laboral Kutxaren beharrei irtenbidea emateko planteatutakoa "osatzen" zuela dio Ulma Taldeak eta, aldi berean, "harreman-esparru unibertsala" eskaintzen zuela, Mondragonen dagoen aniztasunari lekua egiteko.
Mondragon Korporazioak bai eman du informazioa. Haren ikuspuntua. Mondragon Kongresuko eta Batzorde Iraunkorreko presidente Leire Mugerzak eta Korporazioko presidente Iñigo Uzinek hedabideen galderei erantzun diete. Baita Korporazioa osatzen duten beste kooperatibetako lan-bazkide eta buruek ere. Eta baita Korporazioko buru ohiek ere; Agustin Markaide Eroski Taldeko presidente ohiak, esaterako.
"Izaerarekiko aldaketa"
Leire Mugerzak Goienan esandakoaren arabera, Ulmaren proposamenak Mondragoneko "izaerarekiko aldaketa dakar". Horren arabera, Mondragoneko Kongresuko kide izateari uzten diote; bigarrenez, Kongresuaren arauditik kanpo geratzen dira; eta, hirugarrenez, elkartasun tresnak aldatu egiten dira itunpeko agiri baten bidez haiek, hau da, Ulma Taldeak eta Oronak, erabakiz, urtero, zenbateko ekarpena egin Korporazioari edo taldeko gainerako kooperatibei. "Ez zeukan zerikusirik gu lantzen ari ginen ezerekin. Esaterako, Laboral Kutxak jarraitzen du Kongresuko kide izaten, araudia betetzen du eta ekarpenak egiten segitzen du", adierazi zuen Leire Mugerzak hedabide honetan abenduaren 2an.
Adrian Zelaia, gaur egun Ekai Centerreko presidentea eta bere garaian Mondragon idazkari izandakoa, Goiena telebistan izan da asteon. Haren ustez, "kooperatiba bakoitzarekin hitzarmena sinatzea ezinezkoa eta kontraesankorra" izango litzateke, "talde izaerarekin bat ez datorrena".
Elkartasun mekanismoak
Bestetik, Ulma Taldeko Kontseilu Orokorrak eta Zuzendaritza Batzordeak bazkideen artean partekatu ditu, oraingo astean, Mondragon Korporazioko organoek "Ulma taldeko kooperatiben erabaki prozesuan izan duten esku-hartzearen gainean egiten dituzten gogoetak".
Gogoeta horien bidez, Ulma Taldeak berretsi du kooperatiba direla eta "beti izango direla", eta elkartasun mekanismoetan parte hartzen dutela eta hartuko dutela. "Lagun Aro, Laboral Kutxa, Mondragon Unibertsitatea eta beste hainbat kooperatiba erakunderen parte gara, eta parte izaten jarraituko dugu", adierazi du barruko informazio horretan. Eta gogorarazi nahi du, gainera, Korporazioko gainerako kooperatibek besteko ekarpena egiten duela. Hain justu ere, %7, Hedapen Korporatiboko Funtsei; %4, Kohesio eta Garapen Funtsari, IPDKren %20z gain; eta %1, Proiektu Traktoreen Funtsari.
'Zergatik Mondragon?'
Mondragon Korporazioak, bestetik, ikus-entzunezko bat zabaldu du, asteon, haren agerkari ofizialaren bidez, Tu lankide-ren bidez. Horretan, Ulmakoak eta Oronakoak ez diren beste hainbat bazkide eta bururen gogoetak partekatu ditu herritarrekin.
Zergatik Mondragon? galderari erantzunez Mondragonen egoteak duen onuren berri eman dute, besteak beste, Mondragon Assembly, Laboral Kutxa, Lagun Aro, Orkli, Lana eta Fagor Taldeko ordezkariek.
Testigantzetan balioa eman diote kooperatiben arteko lankidetzari, jasotako laguntzari eta enpresa kooperatiboagoak eta lehiakorragoak izateko bultzadari, besteak beste. Laboral Kutxako zuzendari nagusi Xabier Egibarrek ekosistema aipatu du: "Eredu kooperatiboa hedatzea den gure xedea lortzeko, funtsezkoa da gure balioak eta kultura partekatzeko, gobernantza hobetzeko eta erronka berrietara egokitzeko aukera emango digun ekosistema bat izatea, baita kooperatiba indartsuagoak eta lehiakorragoak izateko sistemak sortzea ere".
Batzeko Xabier Ozerinjauregik jasotako laguntzari eman dio balioa: "Batz sortu zela datorren urtean 60 urte beteko dira. Ibilaldi horretan urte onak hainbat izan ditugu, baina azken urteak latzak izan dira guretzat. Bazkideen ahaleginarekin eta Mondragonen laguntzarekin, zorionez, aurrera egin dugu".
Fagor Taldeko Aritz Otxandianok, ostera, batasunari eman dio garrantzia: "Mondragon jaio zen parte garen komunitatearen beharrei erantzuteko, eta, zentzu horretan, gizartearen erronkak gureak ere badira. Erronka horiei erantzuna bilatzen laguntzeko elkarrekin gehiago gara".
Informazioa, "partziala"
Agustin Markaide Eroski Taldeko zuzendari eta presidente izandakoak, eta 2016an Etorkizuneko Mondragon ponentzian parte-hartze zuzena izan zuenak, hainbat gogoeta partekatu ditu sare sozialetan. Besteak beste, informazioaren gainean jardun du, Ulma Taldeak bere bazkideekin partekatu duenaz. Markaideren iritziz, Mondragon Korporazioak ezin izan die beren ikuskera azaldu, modu zuzenean, Korporazioko kide diren Ulma Taldeko bazkideei. Hartara, ezin izan dira kontrastatu Ulma Taldeko zuzendaritzaren argumentuak Korporaziokoekin. "Informazioaren kalitatea ez da nahikoa ona izan; partziala izan da", adierazi du.
Eta zera gehitu du: "Barne-prozesuan Mondragonen esku-sartzeari buruzko oharrak ez dira justifikatzen, eta monopolizatzeko nahia ekar dezakete. Eta irakurri ditudan dokumentuetan, neurrira egindako egia baten eraikuntzaren sintomak aurkitu ditut. Horrek eragin handia izango luke kalitatezko erabakiaren oinarrian. Jasotako informazioaren aurrean bazkideek duten jarrera baldintzatuta egon daiteke neurrira egindako egia horretan oinarritutako istorio bat eraikitzearen ondorioz. Historia horren bidez, bazkideak kanpoko edozein ekintza berrinterpretaturen aurka jarri nahi dira. Horrek, zuzendaritzak eta organoek izan behar duten konfiantza-kapitalarekin batera, eta kapital hori nola erabiltzen den, erabakiaren kalitatean eta erabaki horren zentzuan ere eragina izan dezake".
Bazkideak informatzeko moduaren gaineko hausnarketa egin du Markaidek, Orona eta Ulma: hau bada esku-sartze bat artiukuluan.
Mondragon, "funtsezkoa"
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia Harira saioan izan da, eta Ulmaren eta Mondragon Korporazioaren arteko aferaz ere hitz egin du. "Batetik, Mondragon, talde bezala, funtsezkoa da gure lurralde honentzako, eta, bestetik, kooperatibismoak eta kooperatibek dituzten balioak dira etorkizuneko balioak Gipuzkoan ere".