Ulma Taldeko zuzendaritzak dio azken asteetan, "egia ez diren informazioak argitaratu eta banatu" direla, bai Ulma Taldeak eta Oronak aurten Mondragoneko Batzorde Iraunkorrari aurkeztu zioten "proposamen alternatiboari buruzkoak", bai Ulma Taldeko kooperatibek abenduaren 16ko Batzar Orokorrera –Ulma Taldea osatzen duten bederatzi kooperatibetako 2.789 bazkide daude deituta egun horretarako, Ilunben, Donostian, 10:00 lehen deialdian eta 10:30ean bigarren deialdian– eroan duten proposamenari buruzkoak.
Proposamen "alternatiboa", ez "berria"
Ulma Taldeak dio Mondragon Korporazioaren Kongresuari aurtengo apirilean egin zitzaion proposamena ez zela "berria", baizik eta "alternatiboa". Era berean, ez zela eskakizun bat, baizik eta "epe eta modu egokian egindako ekarpena", Batzorde Iraunkorrak berak ezarritako arauen barruan egindakoa, Ulmaren esanetan. Proposamen "alternatibo" horrek, Mondragonek Laboral Kutxaren beharrei irtenbidea emateko planteatutakoa "osatzen" zuela dio Ulma Taldeak eta, aldi berean, "harreman-esparru unibertsala" eskaintzen zuela, Mondragonen dagoen aniztasunari lekua egiteko.
"Bi aldiz ukatu"
Proposamen horren aurrean, Ulmak dio "bi aldiz ukatu" zitzaiela aurtengo Kongresura aurkeztu zuten ponentzia "denbora eta informazio gehiagorekin" eztabaidatzeko aukera. Eta zera gehitzen du: "Gainera, saihestu egin zuten beharrezko dokumentazioa bazkide kooperatibista guztiekin partekatzea, Ulmak eta Oronak proposatzen zutena ulertzeko. Ez ponentzia, ez Laboral Kutxarekin sinatu beharreko hitzarmena, ez gure proposamen alternatiboa. Beraien gogoetak partekatu zituzten bakarrik".
Elkartasun mekanismoetan parte hartu
Bestalde, Ulma Taldeak berresten du kooperatiba direla eta beti izango direla, eta elkartasun mekanismoetan parte hartzen dutela eta hartuko dutela: "Lagun Aro, Laboral Kutxa, Mondragon Unibertsitatea eta beste hainbat kooperatiba erakunderen parte gara, eta parte izaten jarraituko dugu" dio. Eta, horretarako, hilaren 16ko batzarrera kontu honen gainean eroango duten puntuaren berri ematen dute, eskatuz Ulma Taldeko Kontseilu Errektoreari jarraibideak ematea etorkizunean, "Mondragonekin lankidetzak bultzatzen saiatzeko kooperatiba-mugimendua garatzeko, eta orain arte Mondragon Fundazioak kudeatzen dituen funtsei egiten diren ekarpenak kooperatiben mugimendua garatzeko erabiltzen jarraitu ahal izan daitezen, arauen garapena bultzatzeko".
Mondragonek "egia ezkutatzen" du
Ulma Taldeak leporatzen dio Mondragon Korporazioari "egia ezkutatzea", esaten duenean Ulmaren proposamenak "Mondragonen izaeran aldaketa sakona" dakarrela. Eta dio aldaketa hori aurreikusita zegoela azken Kongresuan onartutako ponentzian. Eta, funtsean, Laboral Kutxaren kasuan onartu den gauza bera proposatzen dutela, "erabateko independentzia eta autonomia aitortuz", eta Mondragonen eta Laboral Kutxaren artean "lankidetza hitzarmen bat formalizatuz".
Jendearen sentimenduak manipulatu
Ulmak leporatzen dio Mondragon Korporazioari, egindako proposamenei "arreta eskasa" eskaini izana. Eta zera gehitzen du: "Jendearen sentimenduak manipulatzen dituzte, konkordia irtenbide gisa elkarrizketa eskatzen dutenean, kontrako norabidean doazen adierazpenak argitaratzen dituzten bitartean". Eta hori frogatzeko, aipatzen du Ulma Taldeak eta Oronak Mondragonekiko harreman alternatiboari Korporazioak emandako erantzuna: "Ez orain, ez inoiz", hau da, "elkarrizketari ezezko borobila".
Ulma Taldeak, bestetik, dio Korporazioak prozesu honetan haiekiko erakutsitako jarrerak erakusten duela, "kooperatibismoaren ikuspegi bakarra", 2016ko Etorkizuneko Mondragon ponentzian "denek adostutako askotariko eredu irekia errespetatzen ez duena".
Gainerako kooperatiben besteko ekarpena
Ulma Taldeak gogoratzen du, bestalde, Korporazioko gainerako kooperatibek besteko ekarpena egiten duela. Hain justu ere, %7, Hedapen Korporatiboko Funtsei; %4, Kohesio eta Garapen Funtsari, IPDKren %20z gain, eta %1, Proiektu Traktoreen Funtsari.
Eta amaitzen du gogoratzen, ez dabiltzala Ulmaren eta Mondragonen arteko "harremanen haustura" planteatzen, baizik eta harreman eredu berria onartzea proposatzen duela. Eta, zehazki, horixe eroango dutela oraingo egubakoitzean Ilunben egingo duten Batzar Orokor berezira, bazkideek onar dezaten. Arestian aipatutako, honakoa, hain justu ere: Ulma Taldeko kooperatibak Mondragon Korporazioan "baja ematea adostea" eta horren ondoriozko "akordioak gauzatzea", batetik. Eta, bestetik, Ulma Taldeko Kontseilu Errektoreari "jarraibideak ematea" etorkizunean Mondragonekin "lankidetzak bultzatzen saiatzeko kooperatiba-mugimendua garatzeko" eta orain arte moduan, "Mondragon Fundazioak kudeatzen dituen funtsei egiten diren ekarpenak kooperatiben mugimendua garatzeko erabiltzen jarraitu ahal izan daitezen, arauen garapena bultzatzeko".