Ulma Taldeak argudiatu du Mondragonen azken Kongresuan, azaroaren 15ekoan, ponentzia bat onartzea proposatzen zela, "aldaketa garrantzitsuak" zekarrena. Zer jasotzen da, zehazki, Ulmak begi onez ikusten ez duen eta Kongresuak onartu zuen proposamenean?
Kongresura ponentzia bat eroan genuen, Laboral Kutxak Mondragonera egiten dituen ekarpenen egokitzapenen gainekoa. Kreditu entitatea denez, Espainiako Bankuaren arauak errespetatu behar ditu. Mondragon korporazioko kooperatiba guztien artean, Laboral Kutxa da arau horien baldintzatzen dituen bakarra. 2021eko urtarrilean, korporazioko organoek, hau da, Batzorde Iraunkorrak eta Kontseilu Orokorrak, etorkizuneko araudietara egokitzen joatea komenigarria zela erabaki zuten eta Laboral Kutxari proposamena egitea eskatu zitzaion. Mondragoneko, Laboral Kutxako eta kanpoko aholkularitza zerbitzuekin batera landu zen proposamena. Aurtengo martxoan aurkeztu zaie proposamena organoei; ondoren, korporazioko dibisioei. Azkenik, ekainaren 19an erabaki zen emendakin prozesua irekitzea, irailera arte. Emendakinik egon ez zenez, Kongresura eroan zen.
Bestetik, duela 15 egun egindako 2022ko Kongresu horretara begira, aldaketa bat proposatu zuten Ulma Taldeak eta Oronak ekainean. Ze aldaketa?
Ekainaren 3an egin zuten proposamena, Mondragoneko organoek 2022ko Kongresua deitu baino astebete eskas lehenago. Ulmak eta Oronak "itunpeko kooperatibaren" figura berri bat eratzea proposatzen zuten. Horren arabera, Mondragoneko Kongresuko kide izateari uzten diote; bigarrenez, Kongresuaren arauditik kanpo geratzen dira; eta, hirugarrenez, elkartasun tresnak aldatu egiten dira itunpeko agiri baten bidez haiek, hau da, Ulma Taldeak eta Oronak, erabakiz, urtero, zenbateko ekarpena egin korporazioari edo taldeko gainerako kooperatibei. Ez zeukan zerikusirik gu lantzen ari ginen ezerekin. Esaterako, Laboral Kutxak jarraitzen du Kongresuko kide izaten, araudia betetzen du eta ekarpenak egiten segitzen du.
"ITUNPEKO HARREMANAK GURE IZAERAREKIKO ALDAKETA DAKAR"
Zergatik ez zen onartu Ulma Taldearen eta Oronaren proposamen hori azaroko Kongresura eroatea?
Kontseilu Orokorrean eta Batzorde Iraunkorrean Mondragoneko kooperatiba guztietako ordezkariak daude. Ekaineko bileretan aztertu genuen Ulma Taldeak eta Oronak bidali zuten proposamena, eta aho batez erabaki genuen ezin genuela gure egin eta 2022ko Kongresura eraman. Ez genuen ulertzen zein arazo zituzten eta ze arrazoi zeuden Mondragonen izaera erabat aldatzeko; bigarrenez, Mondragonen izaera erabat aldatzen duen proposamena izanik, talde osoan eztabaidatu beharreko kontua zen, eta horrek denbora eskatzen du, eztabaida naturala egiteko denbora hartu behar da; azkenik, horrelako proposamen bat bileretan egin behar da, eta Ulma Taldeko inor ez zen egon batzarretan.
Laboral Kutxari "protagonismo handiegia" eman izana ere leporatzen dio korporazioari Ulma Taldeak. Zertan eman dio protagonismo hori korporazioak Laboral Kutxari?
Ulmako ordezkariek ez dute horrelakorik adierazi organoetan; are gehiago, Ulmako ordezkariek espresuki aitortu eta goraipatu dute Laboral Kutxaren ekarpena Mondragoneko esperientzia kooperatiboari. Lehen aipatu dudan bezala, Laboral Kutxa araututako eta gainbegiratutako kreditu kooperatiba da, eta haren izaera, duda barik, berezia da. Ez dut uste hori inork zalantzan jartzen duenik.
Ulma Taldeko ordezkariak ez dira modu ohikoan batzarretan egon?
Hala da. Haien partetik, azkenaldian, ez da ohikoa izan batzarretan parte hartzea. Korporazioan bezala, kooperatiba guztietan organoek, kontseilu errektoreak, zuzendaritza kontseiluak eta bestek, dute erabakimena; gurea ez da erakunde presidentzialista.
"ELKARTASUN TRESNAK ALDATU EGITEN DIRA ULMA TALDEAREN PROPOSAMENAREKIN"
Gainerako kooperatibetan planteatu da Ulma Taldeak eta Oronak proposatu dutenaren antzekorik?
Korporazioan eta kooperatibetan eztabaidak ohikoak dira, baina adostasunetara heltzeko borondatea izan dugu. Zailtasunen aurrean, elkarrizketa. Mondragon korporazioa kooperatibez osatutako taldea da eta haren organoetan 30 bat kooperatiba, dibisio ezberdinetakoak, daude ordezkatuta.
Finean, Ulma Taldeak eta Oronak planteatzen dute atxikitako kooperatiba izateari utzi eta itunpeko kooperatiba izatea. Zer esan nahi du horrek?
Ez dugu eztabaidatu proposamen horien inguruan. Korporazioko Kongresuko kide izateari utzi egiten diotela, ez dituztela aplikatzen gure arauak eta itunaren bidez, urtero, erabakitzen dutela fondo kooperatiboetako ekarpenak zertara, nola, zenbat egin. Mondragon beste gauza bat da, arau batzuk, gobernantza modu batzuk, elkartasun neurri batzuk… Munduan erreferente bagara, beste era batekoak garelako da. Itunpeko harremana izateak gure izaerarekiko erabateko aldaketa dakar. Mondragonek zelakoa izan behar duen kooperatiba guztien artean eztabaidatu eta erabaki behar dugu.
Mondragonek eta bertako kooperatibek nahi dute Ulma Taldeak eta Oronak kide izaten jarraitzea?
Jakina! Parte dira. Bazkide eta lankide dira. Era berean, argi dugu haiek direla autonomo beren erabakiak hartzeko. Elkarrekin gehiago gara. Hori ez da esaldi hutsa. Mondragon zenbat eta indartsuago, orduan eta eragin handiagoa izango du.
"USTE DUT UNE HONETAN ULMA TALDEAK EGIN DUEN PROPOSAMENA EZ DELA SOLIDARIOA"
Ulma Taldeko bazkideek erabakitzen badute Mondragon korporaziotik irtetea, aurreikusten duzue itunpeko harreman hori?
Ez zaigu oso serioa iruditzen. Lehenengo, joan, eta gero, itunpeko harremana planteatu. Barnean hitz egin genezake, eztabaidaren bidez. Behin ateratzea erabakita…
Ekainean Ulma taldeak eta Oronak egin zuten proposamenari ezetz esan ostean, urrian enteratu zineten, hedabideen bidez, haien bazkideekin batzarrak egiten hasiko zirela korporaziotik irten ala ez erabakitzeko?
Hala da. Urri amaieran jakin genuen, hedabideen bitartez, Ulma Taldeak irekiko zuela korporaziotik irteteko prozesua. Horren aurrean, bai neuk eta baita Iñigo Uzinek, Mondragon korporazioko presidenteak, bilera formalak egiteko eskatu genien Ulma Taldeari eta Oronari. Gure azalpenak emateko, haiei entzuteko… Gaur arte.
Zer dira elkartasun mekanismoak?
Interkooperazio eta elkartasun mekanismo asko ditugu: badugu Zentro Korporatiboa, berrikuntza, finantza, pertsonen gestioa, komunikazioa, nazioartekotzea eta kooperatiben interesen defentsan aritzea helburu duen kooperatiba; bestetik, formakuntza eta gobernantza Otaloran; horrez gain, erosketetan Ategi; edo prebisio sistema eta desenplegu laguntzarako, Lagunaro; baita Sustapen Zentroa, negozio aukera berriak bultzatzeko; inbertsioetarako, kooperatiben baliabide propioak indartu eta euren proiektua garatzeko finantza laguntza ematen duen entitatea; Mondragon Fundazioa, besteak beste, zailtasunak dituzten kooperatibei laguntzeko; hezkuntza eta berrikuntza zentroak eta unibertsitatea bultzatzeko eta kooperatiben interes komuneko bestelako proiektuak bultzatzeko.
"BARNEAN HITZ EGIN GENEZAKE, EZTABAIDAREN BIDEZ; BEHIN ATERATZEA ERABAKITA..."
Zeren araberakoa da kooperatiba bakoitzak elkartasun mekanismoetara bideratzen duena?
Urteko emaitzen araberakoa. Batez beste, Ulma Taldeak, une honetan, kolaboratzen duen elkartasun mekanismoei irabazien %4 eskaintzen die. Azken urte hau oso ona izan da sektore industrialarendako.
Zenbat da Ulma Taldea Mondragon osoan?
Ulma Taldea bederatzi kooperatibak osatzen dute. 2021eko emaitzen arabera, korporazio osoarekiko, lanpostuei dagokienez, %6; salmentetan, %8; eta irabazietan, %13.
Gauzak oso ondo dihoakielako erabakitzen dute orain korporaziotik joatea?
Ez dut pentsatu nahi gauzak horrela direnik. Bi taldeak izan dira, historikoki, solidarioak. Uste dut, hori bai, une honetan Ulma Taldeak egin duen proposamena ez dela solidarioa. Nire iritzi pertsonala da.
Ulma Taldea kaltetuta gertatu da Mondragon efektuagatik?
Egia esan, guri ez zaigu halakorik iritsi. Kontrakoa. Ulma Taldeak beti baloratu izan du korporazioan egotea. Kooperatiba bakoitzak erabakitzen du zer izan nahi duen, autonomoa da. Baina interkooperazioan, esaterako, oso aktiboa izan da beti Ulma Taldea.
2013an gertatu zen Fagor Etxetresnen erorketaren ostean, Etorkizuneko Mondragon ponentzia onartu zuen Kongresuak 2016an. Ze aldatu da Ulma Taldeak beste harreman mota bat planteatzeko?
Mondragon izango da bazkideek erabakitzen dutena. Inork ez du zalantzan jartzen kooperatibak burujabeak, autonomoak eta independenteak direla, eta ez dagoela inolako esku-hartzerik Mondragonen aldetik kooperatiben enpresa proiektuetan. Hori Mondragoneko kooperatiba guztiok dakigu. Bestetik, duda barik, elkarrekin gehiago gara eta gehiago egin dezakegu. Elkartasuna eta interkooperazioa inoiz baino beharrezkoagoak dira ziurgabetasun garai hauetan. Batasunak ematen digu indarra.
"ZIURGABETASUN GARAI HAUETAN, KOOPERATIBEI BATASUNAK EMATEN DIGU INDARRA"
Korporazioko bi kooperatiba talde horien mugimenduekin, elkartasuna non geratzen da?
Guk nahi dugu Orona eta Ulma Taldeko kooperatibak Mondragon korporazioan jarraitzea, eta benetan uste dugu Ulmaren, Oronaren eta beren bazkideen etorkizuna hobea izango dela Mondragonen. Bestalde, Mondragoneko eredu kooperatiboa ez dago zalantzan. Elkartasuna eta interkooperazioa dira gure oinarria, eta gure kooperatiben konpromisoa irmoa da zentzu horretan. Gure ezberdintasunekin, arrakasta eta akatsekin, garrantzitsuena partekatzen dugu.
Oñatiko taldeak dio egin duen proposamenak "kooperatiba-mugimendua indartu" egiten duela.
Horrelako proposamen garrantzitsu bat, eta prozesu hauek, modu honetan aurrera eramateak ez du indartzen ez kooperatiba-mugimendua, ez Ulma ez eta Mondragon.
Abenduaren 16an egingo dituzte korporaziotik ateratzeko batzarrak Ulma Taldeak eta Oronak. Mondragonetik aterako balira, ze ondorio izango lituzke korporazioan?
Urteotan gure kide izan diren bi kooperatiba talde inportante Mondragonetik irtengo lirateke, eta horrek pena emango liguke. Horrez gain, Mondragonen dimentsioaren ikuspegitik, txikiagoak izango gara.
Krisi hau hedabideetan lehen aldiz zabaldu zenetik, Ulma Taldeak behin atera du komunikatu ofiziala. Bertan leporatu dio korporazioari "kanpaina oldarkorra" egitea eta "bazkide guztien borondatea baldintzatzea". Ze irizten diozu?
Nik oso garbi daukat gure bidea beti izan dela errespetuzkoa bertako bazkide eta organoekiko. Eta errespetu horren oinarri gure betebeharra da informazioa ematea gure bazkide guztiei, bai Ulmakoei, baita gainontzeko kooperatibetako bazkideei ere. Lehenengo adierazpena azaroko Kongresua amaitu zenean egin zuen Iñigo Uzinek, eta ideia nagusi bat azpimarratu zuen: elkarrizketa dela beti bidea. Ondoren, Kontseilu Orokorrak eta Batzorde Iraunkorrak Oronak eta Ulmak aurkeztu zuten proposamenaren eta ireki dituzten prozesuen gaineko balorazioa konpartitu zuten beren kooperatiba eta bazkide guztiekin, eta dokumentua irakurri duenak badaki erabateko errespetuz aritu garela.
"MONDRAGONEK ZELAKOA IZAN BEHAR DUEN KOOPERATIBA GUZTIEN ARTEAN ERABAKI BEHAR DA"
Ulma Taldeak bere kooperatibetan bazkideekin egin dituen batzarretan korporazioaren ikuspegia zabaldu ez dela uste duzue?
Ez dakigu. Guk ez dugu izan aukerarik korporazioaren ikuspegia emateko. Gure ikuspegia korporazioko kooperatibetako organoetara zabaldu dugu. Baina hortik aurrera…
Zein da Mondragon korporazioaren aurreikuspen ekonomikoa datozen urteei begira?
Mondragon ondo doa. Egungo mundu-testuinguruan, oso konplexua eta erronka ugarirekin, gure kooperatiben bilakaera ona izaten ari da: industriaren hazkundea %14koa da eta salmenten %73 nazioartekoak dira; banaketan, hazkundea %6koa da; zentro teknologiko, hezkuntza zentro eta unibertsitatearen bilakaera oso ona izaten ari da, Lagunarok merkatuko gorabeherei aurre egingo die eta Laboral Kutxaren ekitaldi itxiera bikaina izango da.