Mondragon korporazioaren eta Ulma Taldearen arteko ezberdintasunak eta ika-mikak agerian geratu dira aste honetan. Auziaren gainean korporazioak kooperatibetara igorritako txostenak Oñatiko kooperatiba taldearen haserrea piztu du. Txosten horren bidez, Mondragoneko Batzorde Iraunkorrak eta Kontseilu Orokorrak gogoetak partekatu dituzte kooperatiba eta bazkideekin, Oronako eta Ulmako organoek irekitako barne prozesuei lotutako "zenbait alderdi argitzeko helburuarekin". Astelehenean kooperatibetara igorritako mezu horretan Mondragonek zioen Oronaren eta Ulmaren aldetik ez dutela "berri zuzenik" izan, "bi kooperatiba taldeek ireki duten prozesuen" gainean. Txostena, egunean bertan, hedabideetan zen –ez modu ofizialean zabalduta, kooperatibetatik filtratuta baizik–, eta Mondragonek, webgunean, TUlankide-n, jarri zuen denen bistara martitzenean.
Informazioa, aurrenekoz
Ulma Taldea Mondragonetik ateratzeko bazkideen artean batzarrak egiten hasiko zela hedabideetan zabaldu zenetik, urriaren 28tik, lehenengoz eman du gaiaren berri, modu ofizialean, Ulmak. Hedabideetara igorritako prentsa oharra, eta ez besterik, erabili du horretarako. Ohar hori martitzen arratsaldean zabaldu zuen Ulmak. Bertan taldeak konfirmatzen zuen abenduaren 16an egingo duela korporaziotik irten edo ez erabakitzeko bozketa, taldeko bederatzi kooperatibetako 2.789 bazkideen artean. Horretarako, taldeko kooperatibek ezohiko batzarra egingo dute, eta, aurretik, lantegiz lantegi, "38 informazio-saio baino gehiago".
Prentsa ohar hori zabaldu baino ordu batzuk lehenago, ordea, kooperatibekin partekatu zuen Ulmak bere haserrea. Mezu hori ere hedabide batzuetara filtratu zen, berehala argitaratu baitzen EITBren agerkari digitalean. Ulmaren aurkako "kanpaina oldarkorra" egitea eta "bazkide guztien borondatea" baldintzatzea leporatzen zion korporazioari Ulmak. "Ez dugu onartuko horrela egitea gure erabakitzeko ahalmenaren aurka" gehitzen zuen Ulmak barruko mezu hartan.
Harreman berezia
Ulma Taldearen eta Mondragon korporazioaren arteko harremana berezia izan da hasieratik. 1991n, MCC sortzearekin batera, Ulmak erabaki zuen ez izatea talde horretako kide. Urte batzuk geroago, 2002an, sartu zen korporazioan. 2013tik 2014ra bitartean "Mondragoneko organoekiko konfiantza" arazoak izan zituen Ulmak, baina 2015ean berriro ere taldeko organoetan, modu normalean, parte hartzeko erabakia hartu zuen. 2016an Kursaalean egin zuen kongresua mugarria izan zen korporazioarentzako. 2013ko Fagor Etxetresnen erorketak sortutako krisiaren ostean, taldeak norabidea zuzendu eta Etorkizuneko Mondragon ponentzia onartu zuen orduan. Era berean, Iñigo Uzinek, gaur egungo presidenteak, hartu zuen taldea gidatzeko ardura, Javier Sotilen ordez.
'Etorkizuneko Mondragon'
Azkeneko urteotan, ordea, Etorkizuneko Mondragon proiektuaren gaineko funtzionamenduak taldearen espektatibekin bat ez datozela argudiatu du Ulmak. Hori horrela, proposamen bat egin zuten aurtengo ekainean, bai Ulmak eta baita Oronak ere, duela 10 egun egin zen kongresura begira, baina ez zen onartua izan korporazioko organo nagusiaren aldetik, gaur egun Mondragon den horretan "aldaketa sakona" dakarrela argudiatuta. Proposamen horrek, "lan eta hausnarketa prozesu lasaia, sakona eta parte hartzailea" beharko luke, korporazioaren esanetan. Ezezko haren ostean erabaki zuen Ulma Taldeak beren kooperatibetan hastea korporaziotik aldentzeko prozesua; batzarrak egiten hasi zen bazkideekin.
"Interes gatazkak"
Oraingoan Ulmaren eta korporazioaren arteko desadostasunak eragin dituen arrazoia da, Ulmaren esanetan, korporazioak Laboral Kutxari eman dion protagonismoa. Ulmari ez zaio gustatu Laboral Kutxaren premiei erantzuteko aurtengo kongresuan aurkeztutako ponentzia talde osoarendako ona dela berez onartzeak, zalantzan jarri barik sor litezkeen "interes gatazkak", eta uste du gai horrek eskatzen zuela aldez aurreko "azterketa juridiko independentea". Prozesu hori korporazioak gidatu beharrean Laboral Kutxak gidatu izana eta Laboral Kutxaren proposamena korporazioak bere egin izana ere ez zaio gustatu Ulmari. Horrek sortu du "deserosotasuna" Oñatiko kooperatiba taldean. Hala, Ulmak dio nagusi den ikuspuntua ez dela "kontsentsuz" osatzen korporazioan, "atxikimenduz" baizik. Eta gogorarazi du iraganean ere kaltetua izan dela "Mondragon efektuagatik" eta "inbertsioengatik".
Ezadostasuna sortu duen beste arrazoi bat da Industria Kontseilua indartzen ari dela korporazioa, alor estrategiko eta operatiboan eragin handiagoa izan dezan. Horrek talka egiten du Ulmaren ideiarekin, non negozio unitate bakoitzaren autonomia oinarrizkoa den, Ulmaren ustez. Bestetik, Ulmak ikusten du 2016ko kongresuko kontsentsuak aldatu egin direla eta korporazioaren ideiak indarra hartu duela, asoziazioaren ideiaren gainetik. Horren guztiaren aurrean, Ulmak dio ez duela beste irtenbiderik "Mondragoneko atxikitako kooperatiba izateari utzi" eta Ulma eta Mondragonen arteko "elkarlan eredu berria" bilatzea baino.
Hitzarmen bidezko harremanak
Ulmak, horrenbestez, beste eredu bat proposatzen du: korporazioari atxikitako kooperatiba talde izateari laga eta hitzarmen bidezko harremana sortzeak modu horretan, kooperatiba bakoitzaren betebeharrei uko egin barik eta izaera kooperatiboari eutsiz, kooperatiba bakoitzari ahalbidetuz korporazioarekin harreman iraunkorrak izatea.
Elkarrizketarako gertu
Korporazioak, berriz, dio arazoari modu eraikitzailean heltzeko modu bakarra dagoela: elkarrizketa. "Elkarrizketarako prest gaude, inolako erreserbarik gabe eta etengabe". Haren ustez, Ulmaren proposamena bere horretan onartzeak ekarriko luke "kongresua eratu zenetik egin den berrikuspenik handiena". Eta amaitu du esanez Kontseilu Orokorreko eta Batzorde Iraunkorreko lehendakariek formalki eskatu dituztela bilerak Ulmako organo sozialekin, baina orain arte ez direla batu.