Testigantzetan balioa eman diote kooperatiben arteko lankidetzari, jasotako laguntzari eta enpresa kooperatiboagoak eta lehiakorragoak izateko bultzadari, besteak beste. GSRko Klaudia Lukitak, esaterako, hala dio: "GSR Mondragon barruan jaio zen interkooperazioari esker eta hazten eta kontsolidatzen ari gara proiektu konpartitu gisa, Mondragonen parte izateak ematen digun indarrarekin eta balioekin".
Laborak Kutxako zuzendari nagusi Xabier Egibarrek, ostera, ekosistema aipatu du: "Eredu kooperatiboa hedatzea den gure xedea lortzeko, funtsezkoa da gure balioak eta kultura partekatzeko, gobernantza hobetzeko eta erronka berrietara egokitzeko aukera emango digun ekosistema bat izatea, baita kooperatiba indartsuagoak eta lehiakorragoak izateko sistemak sortzea ere".
Batzeko Xabier Ozerinjauregik jasotako laguntzari eman dio balioa: "Batz sortu zela datorren urtean 60 urte beteko dira. Ibilaldi horretan urte onak hainbat izan ditugu, baina azken urteak latzak izan dira guretzat. Bazkideen ahaleginarekin eta Mondragonen laguntzarekin, zorionez, aurrera egin dugu".
Fagor Taldeko Aritz Otxandianok, ostera, batasunari eman dio garrantzia: "Mondragon jaio zen parte garen komunitatearen beharrei erantzuteko, eta zentzu horretan, gizartearen erronkak gureak ere badira. Erronka horiei erantzuna bilatzen laguntzeko elkarrekin gehiago gara".