Ulma Taldeak proposamena "modu desegokian" egin duela uste du Agustin Markaidek

Eneko Azkarate Laspiur 2022ko abe. 14a, 09:00

Eroski Taldeko buru ohiaren ustez, Ulma Taldearen eta Mondragon Korporazioaren arteko harreman modua aldatzeko proposamenaren inguruan, bazkideei emandako "informazioaren kalitatea ez da nahikoa ona izan; partziala izan da".

Agustin Markaide, Eroski Taldeko zuzendari eta presidente izandakoak, eta 2016an Etorkizuneko Mondragon ponentzian parte-hartze zuzena izan zuenak, Ulma Taldearen eta Mondragon Korporazioaren arteko harremanen gainean jardun du Radio Euskadin. Bestetik, bere hausnarketak partekatu ditu sare sozialetan; Tu Lankide agerkari digitalak –Mondragon Korporazioaren komunikazio bide ofiziala– laburbildu ditu hausnarketa horiek.

Markaidek zail ikusten du oraingo egubakoitzean Ulma Taldeko 9 kooperatibetako eta Oronako bazkideek, haien zuzendaritzak proposatutakoaren kontrako boza ematea. "Zaila da, giza kolektibo bat, zuzendaritza bati lotuta urteak daroatzana, beren enpresan emaitza onekin, une jakin baten, zuzendaritza horrek egindako proposamen bati ezetza ematea. Ez da ohikoena. Baina ez da ezinezkoa. Nik neuk bizi izan dut kasuren bat, non bazkideei alternatiba baten gainean galdetu izan diogunean, hauek ezetz esan duten. Gerta liteke, baina ez da ohikoena. Edozer gauza gerta daiteke, dena den" adierazi du mikrofono aurrean.

"Informazio partziala"

Ulma Taldeak Mondragon Korporazioarekiko beste harreman mota bat proposatzeko deituriko batzar orokorrera begira, Markaidek uste du Mondragon Korporazioak ezin izan diela beren ikuskera azaldu, modu zuzenean, Korporazioko kide diren Ulma Taldeko bazkideei. Hartara, ezin izan direla kontrastatu Ulma Taldeko zuzendaritzaren argumentuak, Korporaziokoekin. "Informazioaren kalitatea ez da nahikoa ona izango; partziala izango da".

Enpresa erabakiak, kooperatiben esku

Ulma Taldeak Korporazioa uzteko arrazoien gainean galdetuta, Markaidek dio, "erabaki ahalmena berreskuratzea" argudiatu dutela Oñatiko kooperatiba taldetik, hedabideetan agertutakoaren arabera. Argumentu horrek "zentzurik ez" duela dio, "enpresa-erabakiei" dagokienez. Izan ere, erabaki horiek, ehuneko ehunean, kooperatiben esku daudelako berez. "Bestelakoa da, erabaki ahalmena berreskuratzeak Kongresuaren arauak ez betetzea badakar, orduan, beste kontu bati buruz ari gara" dio. Mondragon Korporazioaren elkartasun fondoetara "ekarpenik ez egitea" izan daiteke proposatzen den aldaketa bat, dio. Kontu honen gainean Ulma Taldeak adierazi du, Mondragonekiko beste harreman eredu baten alde egingo balute ere, berdin jarraituko luketela elkartasun fondoetara ekarpenak egiten, esaterako, Mondragon Unibertsitatea finantzatzen, eta abar.

Brexita eta 'Koopexita'

Brexitarekiko antzekotasunik ikusten duen galdetuta, zera dio Eroski Taldeko buru izandakoak: "Bai, autonomia berreskuratzeko argumentuak badauka Brexitarekiko antzekotasunik" erantzun du. Baina Erresuma Batuak Europar Batasunetik ateratzeko erabakia hartu zuenean, burujabetza berreskuratu zuela dio Markaidek. Eta zera gehitu du: "Erresuma Batuak egin izan balu Europako Konstituzioa aldatzeko proposamen bat, zeinetan jasoko litzatekeen edozein kidek aukera izango lukeela edozein unetan aurrekontuei ekarpenik ez egiteko, Europar Batasunak ez luke onartuko". Eta adibide horrek, dio, "antzekotasunik badu" Ulma Taldeak eta Oronak hartutako bidearekin.

Proposamena, modu desegokian

Horrekin lotuta, adierazi du Ulmak eta Oronak ekainean proposatutakoa ez dela modu egokian egin. "Proposamenak, eztabaidak, informazio trukaketak…, modu egokiagoan egin behar dira, argumentuak kontrastatuz. Ulmak eta Oronak egiten duten proposamenak aldaketa sakonak dakartza eta ez dira modu egokian planteatu, Kongresu baten atarian".

Behin Korporaziotik irtetea erabakita, etorkizunean berriro itzultzeko aukeraz galdetuta Markaidek dio aukera hori badagoela, baina ez litzatekeela bat-batekoa izango.

Bestetik, Markaidek dio Ulmak zein Oronak hartzen duten erabakia hartzen dutela, erabakiak ez duela ondorio ekonomikorik izango. "Kooperatibek segituko dute kooperatiba izaten, arrakastatsuak izaten…, baina interkooperazio eta elkartasun gutxiago egongo da".

Sakonean, pertsonen arteko harremanak

Arazoaren muina, ondo ez doazen enpresen erreskatean edo horiei eskaini beharreko laguntzan dagoen galdetuta, Markaidek dio hori ez dela arrazoi nagusia. "Ulma eta Orona aterako balira elkartasun fondoetara ekarpen batzuk egiteari utziko liokete, baina sakoneko arrazoia ez da hori, nire ustez" eta zera gehitu du: "Uste dut kontu pertsonalak erabakigarriak direla kasu honetan. Proposamenak modu honetan egin izanak, badauka zerikusirik irtetea planteatu duten kooperatiben buruen izaerarekin. Arazo handiei irtenbideak aurkitzeko konexio pertsonalak sortzea zailagoa da, esaterako, kooperatiba horietako buruetako batek, aurten kargua hartu duenetik, Arrasateko Korporazioaren egoitza zapaldu ez duenean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak