Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia Harira saioan izan da, eta Ulma eta Mondragon Korporazioaren arteko aferaz ere hitz egin du. Azaldu duenez, orain arteko eztabaida "luzea" izan da, eta gainera, "berotu" egin da denborak aurrera egin ahala. Uste du bera "ez dela inor" debate horretan sartzeko, baina bi gauza azpimarratu ditu: "Batetik, Mondragon, talde bezala, funtsezkoa da gure lurralde honentzako, eta bestetik, kooperatibismoak eta kooperatibek dituzten balioak dira etorkizuneko balioak Gipuzkoan ere".
Haren ustez, enpresek "modu askean" erabaki behar dute, baina lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, Mondragon jota horren adibidetzat. "Nik uste dut guztion artean balio guzti horiei eutsi egin beharko geniekeela, eta gure partetik behintzat, pertsonalki eta instituzio bezala, guk horretan jarraituko dugu, Mondragonekin elkarlanean".
Eredua oinarri
Izan ere, nabarmendu du mugimendu kooperatiboa dela bailara honetan zein Euskal Herrian dagoen oinarririk "inportanteenetako bat" ereduei dagokienez, eta baita arlo ekonomikoan ere. "Gu horrelakoak gara une honetan, besteak beste, Aita Arizmendiarrietak bere momentuan mugimendua martxan jarri zuelako, eta iruditzen zait mugimendu horrek jarraitu egingo duela eta etorkizun handikoa dela".
Saio osoa, hemen ikus-entzun daiteke.