Ulmak "presio kanpaina bat" egitea leporatu dio Mondragoni

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko aza. 22a, 17:36

Ulmako zuzendaritzak jakinarazi duenez, Mondragonek uko egin zion euren proposamena urteko batzar nagusian lantzeari, eta horrek berresten du "Ulmaren gobernu autonomia babesteko beharra". Hala, abenduaren 16an landuko du gaia bederatzi kooperatibetako bazkideekin.

Mondragon Korporazioaren eta Ulmaren arteko aferak ez du etenik, eta bi aldeek hitz egin dute dagoeneko, orain artean isilik egon baita Oñatiko kooperatiba. Izan ere, Mondragonek dokumentu bat igorri zien atzo bere baitako kooperatiba guztiei, eta jakinarazi zuen Ulmak eta Oronak itunpeko kooperatiba izateko proposamena egin ziotela ekainaren 3an, baina ez zutela onartu. Informazio hori zabaldu ostean, ordea, Ulmak bere bazkide kooperatibistei "presio kanpaina bat egitea" leporatu dio Mondragoni.  

Hain justu, gaur arratsaldean zabaldutako ohar batean egin du adierazpen hori, eta gainera, nabarmendu du proposamen hori ez zaiela kideei "modu oso eta egiazkoan" helarazi. Ulmaren arabera, Mondragonek uko egin zion proposamena pasa den martitzenean egin zuten Kongresuan aurkezteari, "nahiz eta araudiak ezarritako epe eta modu zurrunean" aurkeztu. Beraz, erantsi du erabaki horrek "berretsi baino ez duela egiten Ulmak bere gobernu autonomia babesteko" duen beharra: "Bere industria proiektuaren indarra mehatxatzen duten esku-sartzeen aurrean".  

Batzarra, abenduaren 16an  

Hala, Ulmako zuzendaritzak jakinarazi du, aurrez zabaldu bezala, ezohiko batzar bat egingo duela abenduaren 16an, eta Ulmako bederatzi kooperatibetako 2.789 bazkideei aurkeztuko dietela esku artean duten proposamena.

Mondragon korporazioarekin "harreman eredu berri bat" onartzea jarriko dute egun horretan mahai gainean, aurrez eginiko bileretan aurreratu gisan, eta lehen puntuetako bat izango da Mondragon taldean baja ematea. Are gehiago, bada landuko duten beste gai bat: "Mondragonekin lankidetzak bultzatzen saiatzeko kooperatiba mugimendua garatzea".  

Izan ere, ez dute harremana osorik eten nahi, Ulmako zuzendaritzak jakinarazi baitu bere baitako kooperatibek ez diotela utziko baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak emateari Mondragoneko proiektu batzuei: "Hala nola, Laboral Kutxari, Lagun Arori eta Mondragon Unibertsitateari, betidanik lagundu baitute proiektu horiek garatzen bazkideen eta gizartearen mesedetan".  

Gainera, uste dute harreman eredu hori ez dela "arriskutsua" izango Mondragonen bideragarritasunerako. "Baja ematearen ondorio ekonomiko bakarra da korporazioak administratutako funts kooperatiboetarako urtean batez beste bideratzen dituzten 1,85 milioi euroak Ulmaren fundazioak kudeatuko dituela helburu berberetarako". Eta erantsi dute "ezerk" ez duela eragozten funts horiek Mondragonek bultatutako programa edo proiektuetara bideratzea.  

Erantzukizunerako eskaria  

Hala, Ulmako kooperatibek Mondragoneko zuzendariei "erantzukizunez" jokatzeko eskaria egin diete egoera honi hel diezaioten, "mugimendu kooperatiboaren etorkizunerako borroka kaltegarri bezain antzuak saihestuz eta kooperatiben erabakitzeko autonomia errespetatuz".  

Izan ere, aurrez zenbait hedabidetan zabaldutako informazioaren arabera, Ulmak uste du Mondragonek "kanpaina oldarkor bat" egin duela euren aurka, "bazkide guztien borondatea" baldintzatuta, baina ez duela "Euskadiko kooperatibismoari" min egin dakiokeen "giro kaltegarrian" lagundu nahi.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak