ALBISTEAK

Ucinek uste du Mondragon Taldea dela Oronaren eta Ulmaren "espazio naturala"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko aza. 15a, 11:54

Mondragon Korporazioak urteko batzar orokorra egin du gaur, eta Ulma ez da batzarrean egon, taldea uztea pentsatzen ari baita. Eta ezta Orona ere. Halaber, Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko lehendakariak azaldu du "etorkizuna elkarrekin bistaratzen" dutela, erabakia errespetatuko duten arren.

Mondragon Taldeak urteko batzar nagusia egin du gaur Kursaalen, Donostian, irizpide eta helburuak ezartzeko, hain justu, Ulma eta Orona taldea uztea aztertzen ari diren aldi berean, eta gaiak jakin-mina sortu du.

Dena den, ez batak ez besteak, bietako batek ere ez du batzarrean parte hartu, eta gaia ere ez da kongresuan landu. Izan ere, orain dela lau hilabete egin zuten deialdia, eta, ordu hartan, ez zegoen zerrendan. Halere, Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko lehendakariak gaiaren inguruko adierazpenak egin ditu batzarra amaitzerakoan.

Jakinarazi duenez, batetik, oraingoz ez dute jakinarazpen ofizialik jaso prozesu horien inguruan, eta, beraz, azaldu du ezin dutela egoera horri buruz hitz egin. "Ez dakigu zein izan diren prozesu horiek abiarazteko benetako arrazoiak". Horrez gain, zehaztu du etorkizuna "elkarrekin bistaratzen" jarraitzen dutela, eta euren ustez Mondragon Taldea dela Oronaren eta Ulmaren "espazio naturala". Hala ere, aitortu du Mondragonek "beti errespetatuko duela" bi kooperatibetako erabakia.

Gogoetei ere bide

Hiru puntu horiez gain, ordea, gogoeta batzuk plazaratu ditu Ucinek. "Benetan uste dugu Ulmaren eta Oronaren etorkizuna, eta bertako pertsonena, hobea izango dela Mondragonen, balioak partekatzen ditugulako". Horrez gain, uste du "negozioen autonomia, kudeaketen askatasuna, elkartasuna eta lankidetza" izan direla taldea puntu honetara arte ekarri dutenak, eta horiek guztiak "funtsezko elementuak" direla euren negozioa hazteko.

Are, gakotzat duen galdera bat ere aireratu du: "Nori egiten dio mesede egoera honek? Gu ziur gaude ez diela mesederik egiten ez Oronari, ez Ulmari, ez gainerako kooperatibei eta ez Mondragon osoari". Beraz, erantsi du ateak zabalik daudela eta hitz egiteko prestutasuna dutela.

Batzarrak emandakoa

Gainontzean, batzarra "ondo" joan dela adierazi du Ucinek. Taldea osatzen duten kooperatibetako 650 konpromisario zeuden deituta bilerara, eta 10:00ak alderako hasi dira gerturatzen lehenak. Tartean zeuden, besteak beste, Arizmendiko, Laboral Kutxako, Fagorreko eta Lanako bazkide batzuk. Akreditazioak jaso, aretora sartu, eta 10:30ean hasi da kongresua.

Ordurako, mahai gainean jarrita zeuden Ucin bera, Mondragon Taldeko ordezkariak eta Leire Mugerza kongresuko lehendakaria. Gainera, urtarrilean hartu zuen kargua Mugerzak, eta, beraz, lehen kongresua izan zuen.

Landutako gaiei dagokienez, hala nola, Laboral Kutxa eta Mondragon taldeen arteko egungo harremana eta lankidetza mailari eusteko txostena izan dute eztabaidagai, eta baita onartu ere. Horrez gain, Kontseilu Orokorraren eta Batzorde Orokorraren kudeaketaren deskargua ere hizketagai izan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak