Batetik, dio, goitik kargatzen den garbigailu bakoitzeko produkzio kostua, salmenta kostua baino handiagoa dela.
Bestetik, salmentak asko murriztu direla azkeneko urteotan eta Enplegu Espediente Erregulazioak eta kostuak murrizteko beste hainbat neurri hartu badituzte ere, lantokiaren itxiera ezin izan dutela saihestu.
Horretaz gain, Bergarako lantokiaren itxierak ekarriko duela administrazio eta bulego zerbitzuak beste toki batzuetara eroatea.
Azkenik, Enpresa batzordearekin harremanetan hasiko direla, kaleratzeak ahalik eta kalterik txikienak sor ditzan.
Candy Taldeak dio bideragarritasun planean hartutako neurriak direla. Eta gehitu du bai Candy taldeak mundu mailan eta baita Candy-Hoover Etxetresnak SAk, galerak izan dituztela azkeneko urteotan. Hortik, Bergarako lantokia ixtea.
Txinan fabrikatuko dituzte
Edozelan ere, dio Candy Taldeak, goitik kargatzen diren garbigailuak, Bergaran egiten dituzten modukoak, fabrikatzen segituko dutela, baina Txinan produzituko dituztela, 2012an ireki zuten lantegian. Era honetan, "produkzio kostuak doitu eta Europako salmentei eutsi" ahal izateko.
Lehiakideek, dagoeneko, neurri horiek hartu dituztela ohartarazi du Candy Taldeko zuzendaritzak, Asian eta Europa ekialdeko beste herrialde batzuetan goitik kargatzen diren garbigailuak fabrikatzen dituztelako. Ildo beretik, Candy-k ere, halako neurriak hartu behar izan dituela, "baldintza berdinetan lehiatzeko".
Candy Taldetik diote Bergarako lantokia ixteak ekarriko duela langileen kaleratze kolektiboa eta administrazio eta komertzial saileko langileak beste lantokia batzuetan kokatzea.
Salmentak %58 behera
"Neurriak zerikusi zuzena dauka lerro zuriko etxetresna elektrikoek Europan bizi diten krisiarekin" dio. Izan ere, produktu hauen salmenta %20 murriztu da azkeneko lau urteotan, nahiz eta produkzio kostuak gora egin epealdi horretan. Horrek guztiak inpaktu zuzena izan du Bergarako plantan, Candy Taldetik diotenez. "Bergaran produzitutako garbigailu kopurua %61 murriztu da 2007tik hona eta %58 gutxiago saldu da epe horretan".
9 produkzio zentro
Candy Taldeak 9 produkzio zentro ditu gaur egun, mundu osoan: bat Italian; beste bat Frantzian; Bergarakoa; bi Turkian; beste bi Errusian, eta bana Txekiar Errepublikan eta Txinan. Azkeneko urteotan, lehiakortasun mailari eusteko, Italian 3 lantoki itxi behar izan ditu, beste 4 Erresuma Batuan eta bat Portugalen.