Egoeraz kezkatuta, Candy-Hooverreko langileek manifestazioa deitu dute gaur, eguena, iluntzerako, Bergaran, Enpleguaren alde, deslokalizaziorik ez! lelopean. 19:00etan San Martin plazatik abiatuko dira.
Aste osoa daramate lantoki aurrean elkarretaratzea egiten Bergarako Candy-Hooverreko langileek. 10:00etatik 11:00etara. Gaur ere elkartuko dira. Ostean, 11:30ean, batzarra dute Candy-Hooverreko buruetako Roberto Roncallirekin. Italiatik dator Bergarara, taldeak hartu duen erabakiaren berri ematera. "Ez dakigu, zehazki, zerekin etorriko den eta milaka galdera ditugu, baina notizia onak ez ditugu espero. Bulegoetako langileek, dagoeneko, jaso dute jakinarazpena: Bergarako lantokia itxi egingo da" dio Candy-Hooverreko langileen ordezkari batek. "Erabakia hartuta dago; orain, ez dakigu zein izango den proposamen zehatza, baldintzak...".
Enplegu Espediente Erregulazioekin
Bergarako Candy-Hooverren 2008tik dihardute Enplegu Espediente Erregulazioekin. Orain lan, orain etxera. Aurten, urtarriletik uztailera arte lanean normal ibili dira, baina abuztuko oporren ostetik apenas egin dute lanik. Aurreko astean, astelehen eta martitzen lan egin dute; barikuan ere bai…
152 langile ditu gaur egun Candy-Hooverrek Bergaran, baina langile asko galdu ditu azkeneko hamarkadetan. Fagor Etxetresna Elektrikoen itxieraren ostean, bazirudien Candy-Hoverrendako aukera bat irekitzen zela. Merkatuan, garbigailuen gama altuan kokatuta dago Candy eta berezitasun bat dauka, gainera: goitik kargatzen diren garbigailuak egiten ditu. Baina ez dute bururik altxatzerik lortu, kontsumoa ez delako hazten.
Bergarako industria gainbeheran
Abuztuko oporren ostean, bereziki, ezinegona, zurrumurruak eta susmo txarrak handitu egin dira Candy-Hoverreko langile eta haien familiakoen artean, bereziki; baina Bergaran, oro har. Orain arte ikur izan diren hainbat enpresaren gainbehera edo erorketa ikusi delako herrian: ehungintzan, Tavex taldeko herriko azken fabrikaren, Tavesaren, itxiera; labegaraien desagerpena eta altzairugintza kolokan dela, Arcelor Mittalekin; orain, Candy-Hoverrren itxiera.
Langileek hainbat protesta ekitaldi egin dituzte irailean. Lantegiko elkarretaratzeez gain, azkena, joan zen eguenean, 23an, Bergarako kaleetan barrena, "etorkizun duina" eskatzeko.
Candy-Hoover Txinan
Produkzioaren zati bat edo produkzio osoa Txinara eramatea da Candy-Hoover taldearen asmoa. Taldeak ez ditu urte onak bizi eta Bergarako planta ez da bideragarria, langileek diotenez. 2012an, karga aurretik sartzeko garbigailuak egiteko fabrika eraiki zuten Txinan, eta iaz, berriz, karga goitik sartzeko garbigailuak egiteko beste bat eraiki zuten. Azken produktu hori da Bergaran egiten duten bakarra gaur egun. Lerro horretan egunean 400 garbigailu egiten dituzte, urtean 70.000. Eta hori da Bergaran egiten dutenaren erdia.
Hortaz, "lasai asko egin ditzakete guk beste edo gehiago Txinan, eta gaur egun ez dago merkaturik horrenbesterako. Goi kargako garbigailuen garapena beherantz doa, eta kostuarengatik, uste dugu Txinara, Turkiara, Aljeriara edo halako lekuren batera eramango dutela produkzioa", esplikatu zuen Ramon Romerok, Candy-Hoover enpresa batzordeko presidenteak duela hiru aste.
Mayc, 1941ean sortua
1941ean sortu zen Mayc enpresa, gaur egungo Candy-ren aurrekoa. Julio Azkargorta buru zuen hainbat enpresabururen eskutik. Zulagailuak, barautsak, transformadoreak eta alternadoreak bezalako lanerako makina elektrikoak egiten hasi ziren, baina, pixkanaka-pixkanaka, etxetresna elektriko txikiak fabrikatzeari ekin zioten: kafe-errotak, irabiagailuak edota bizarra mozteko makina elektrikoak.
Horien arrakastaren ondotik etorri zen Otsein, 1951n: Euskal Herrian eta Espainian egin zen lehen garbigailu automatikoa. Otsein euskal berbak zerbitzari edo morroi esan nahi du. Sukaldeak, berogailuak eta lehorgailuak ere egin zituzten 50eko hamarkadatik aurrera.
1992ean, italiarrak
1992a mugarria izan zen Bergarako lantoki historikoarendako. Izan ere, merkatu globalizatuan ezin lehiatuz, Candy talde italiarrak erosi baitzuen Mayc. Eta, ordutik aurrera, beste etxetresna elektriko batzuk produzitzen ere hasi ziren Bergaran: hozkailuak, ontzi-garbigailuak, izozkailuak… Baina, langile kopurua, urtetik urtera, murrizten joan da.