Bergarako EH Bilduk elkartasuna adierazi die Candy-ko langileei

Eneko Azkarate 2014ko urr. 30a, 16:30

Bergarako EH Bilduk "saminez" bizi du Candy-ko langileen egoera eta "kapitalismo neolibera" jo du Bergarako enpresa ixtearen erantzule. "Indarrean dagoen ereduak Candy-ko buruei aukera ematen die egin dutena egiteko, langileak kale gorrian utzi eta diru gehiago irabaziko duten lekura enpresa deslokalizatzea". Madrileko eta Gasteizko gobernuei ere Candy-rena moduko arazoak saihesteko "gehiago ez egitea" leporatu die EH Bilduk, hedabideetara bidalitako ohar bidez.

Hemen, jarraian, EH Bilduren prentsa oharra, osorik:

Candy-ko langileekiko elkartasuna

"152 langile gehiago langabeziara. 152 lanpostu gehiago galtzen dira. 152 bergarar gehiagoren bizi baldintzak gaur askoz okerragoak dira. EH Bildun saminez bizi dugu egoera. Baina, kapitalismo neoliberala eta berau babesten dutenei bost inporta 152 langileak eta lanpostuak. Indarrean dagoen ereduak Candy-ko buruei aukera ematen die egin dutena egiteko, langileak kale gorrian utzi eta diru gehiago irabaziko duten lekura enpresa deslokalizatzea. Candy-ko buruek azal gogorra dute egin dutena egiteko, baina, legeak babestuta daude eta legeak Madrilen egiten dira, parlamentuan.
 
Hauek dira kapitalismoaren legeak, baina, zer egiten dute industriako konpetentziak dituzten Madril eta Gasteizko Gobernuek? Bai batak eta bai besteak eredu kapitalista eta neoliberala defendatzen dute, multinazional eta langileen artean multinazionalen interesen alde egiten dute, kasu honetan Candy-ko langileak salduta utziz.
 
Eusko Jaurlaritzak marketin asko eta ekintza gutxi. Gasteizko Gobernuarentzat industria politika ez da lehentasuna. Beraien joko arau kapitalistetan ez da sartzen arlo pribatuan eskua sartzea eta langileak laguntzea. Candy bezala, Euskal Herrian kokatutako enpresek ezin dute Txina bezalako herrialdeetako soldata eta lan baldintzekin konpetitu. Baina, ikerketan, industria berrikuntzan eta garapenean askoz diru gehiago inbertitu daiteke. Hori eskatzen diogu Jaurlaritzari, lana eta industria berrikuntza lehentasun osokoa izan dadila eta gure herri aberats honetan dauden baliabide ekonomiko handiak ongi erabiltzeko.
 
Baina ez, Espainiako Gobernua bezala Jaurlaritza ere langileak eta industria zaintzeko baino multinazional eta banketxeen beharrak defendatzeko dago. Horregatik guztion diruarekin erreskatatu eta pribatizatzen dituzte bankuak eta egiten dituzte AHT bezalako obra ikaragarriak. Bankari eta eraikuntzako enpresa handiei herritarron dirua erregalatzen ari dira. Nork erreskatatzen ditu langileak eta herritarrak miseriatik?
 
EHBildutik gure babes osoa adierazi nahi diegu Candy-ko langileei eta beraien familiei. Baita prekarietatean lanean edo langabezian dauden herritar guztiei ere. Instituzioetatik eta kaletik enplegu duinaren alde, lana eta aberastasuna banatzearen alde, murrizketa sozialen aurka, kalitatezko zerbitzu publikoak guztiontzat izan daitezen eta babesgabeak babestearen alde gure esku dagoen guztia egingo dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak