"Etorkizun duina" eskatu dute Candy-Hooverreko langileek protestan

Jon Berezibar 2014ko urr. 24a, 11:10

Elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Candy-ko  langileek Bergarako lantegia "likidatuta" dagoela salatzeko. Protestekin jarraituko dute euren kezken eta egoeraren berri emateko.

Candy-Groupeko arduradunen erabaki ofizialaren berri segitu arren, Bergarako fabrikako langileek atzera ere kalera irtetea erabaki dute, euren kezkaren eta egoera larriaren berri emateko. ESK, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek osatutako enpresa batzordeak deituta hasi dira elkarretaratzeak egiten, Bergaran. Izan ere, duten pentsamendua da Bergarako fabrika "likidatuta" dagoela.

Proiektu barik, oraingoz

"Candyko ordezkariak Italian egon dira (taldearen zentralean), eta baita Eusko Jaurlaritzarekin ere, eta ez dute inolako proiekturik ekarri. Horrek pentsarazten digu Bergarako fabrika hilda dagoela. Datozen 15 egunotan iritsiko da Italiako erantzuna, baina uste dugu likidatuta dagoela, nahiz eta guk irtenbidearen zain segi. 2014ko jarduna bukatzeko bi hilabete falta dira, eta ez dugu lana izateko inolako bermerik. Aurrekontua lantzen dutenean, urtero egiten dute ahaleginen bat kostuen jaitsiera hobetzeko. 2015ari begira egindako aurrekontuan, berriz, ez dute zentzu horretan ahaleginik egin. Eta horrek pentsarazten digu erabakia hartuta dagoela: ez diotela etorkizunik ematen", esplikatu dute enpresa batzordetik.  

Etorkizuna ikusten diote

Ez diotela etorkizuna ematen esaldia erabili dute enpresa batzordetik; izan ere, Bergarako langileek bai ikusten diote etorkizuna. "Uste dugu izan lezakeela etorkizuna. Elementu asko daude garbigailuen produkzioaren kostean eragiten dutenak. Adibidez, soldaten eragina da %19, hori txikia da. Baina beste kontu bat da, adibidez, produzitze denborak… edozein modutan, ez dute interesik erakutsi", esan dute etsipenez batzordetik.

Txinaren beldur

Abiarazi dituzten protestetan, bestalde, Candyko langileek gogora ekarri dute "egoera tamalgarria" bizitzen dabiltzala. Adibide moduan azpimarratu dute bi urtean 300 langileko taldea erdira jaitsi dela. "Horretaz gain, bost urte daramatzagu EREarekin, soldata eta etorkizuneko langabezi prestazioan duen eraginarekin", gehitu dute.

Baina talde multinazionalak Txinan dituen plantek beldurtzen dituzte, batez ere, bergararrak. Are gehiago, kontuan hartuta orokorrean sektorea bera krisi sakonean dagoela: "Kezkagarriena zera da, Bergaran egiten ditugun garbigailu berberak Txinan egiten ari direla eta, bide batez, lehendik lur jota dagoen europear merkatua saturatzen. Horregatik Candy Hoover taldeari gure etorkizuna azaldu dezan eskatzen diogu eta bide batez Bergarako lantegia eta bertako lanpostuak bermatuko dituen plan bat aurkeztea", eskatu diote Italian egoitza duen multinazionalari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak