Tristura zen nagusi atzo iluntzean Bergarako kaleetan; tristura, kezka eta etsipena. Manifestazioa deitu zuten Candy-Hooverreko langileek, lantegia itxi egingo zutela jakin zuten egunean bertan. Enpleguaren alde, deslokalizaziorik ez. Candy ez itxi! lelopean herritar askok egin zuten bat langileekin eta haien senideekin; baita Udal ordezkariek ere, horien artean Jaione Isazelaia alkatea.
San Martin plazatik abiatu zen manifestazioa. Candy ez itxi oihuak entzun ziren kaleetan zehar egindako ibilbidean, baina isiltasuna eta aurpegi ilunak ziren nagusi elkartutakoen artean. Kezkatuta zeuden guztiak, batez ere langileak.
Kalean geratuko diren 150 langileekin bat egin zuten herritarrek, eta horiek ere oso kezkatuta agertu ziren Bergaran bizi duten egoerarekin.
Borrokan jarraitzeko asmoa
Langileen ordezkariek jakinarazi zuten bukaeran Bergarako Udaleko eta Gipuzkoako Diputazioko ordezkariekin batzartuko direla. Eta, gaineratu zuten zuzendaritza "gogor" etorri den moduan, langileak ere gogor negoziatuko dutela eta borrokan jarraitu.