Bergarako Candy-Hooverren plantaren etorkizunarekin arduratuta

Ubane Madera 2014ko urr. 9a, 09:13

Bergarako Candy-Hoover enpresako langileek Bergarako plantaren etorkizunarekiko kezka kaleratu dute. Produkzioaren jaitsiera nabarmenak, duten ia lanik ezak, eta taldeak Txinan zabaldu dituen plantak ezinegona eta ezkortasuna areagotu egin ditu lan-taldean, eta baita Bergaran bertan ere. Langileek uste dute taldeak Txinara eramango duela Bergarako produkzioa. Agerraldia egin dute fabrikaren aurrean, hori guztia salatzeko.

Datozen hiru asteotan argituko dira taldearen asmoak. Besteak beste, Candy-Hooverren jabe italiarrek datorren astearen amaieran egin behar dute 2015erako aurrekontuari dagokion batzarra, Milanen. Eta hain justu, hilaren amaieran jakingo da zein den taldearen erabakia. Emandako informazioaren arabera, taldea ahaleginduko da estrategia bat lantzen produktua lehiakorra izan dadin. Eta horren esperoan daude. 

Edozelan ere, eta gaur egungo merkatuaren eta Bergarako plantak egiten duen produkzioaren datuak esku artean, berau ez dela bideragarria uste du enpresa batzordeak. Datu esanguratsu bat: irailetik atzora arte (urriaren 8) sei egunez besterik ez dute lan egin Bergaran. Eta datozen egun eta asteotan lan barik segituko dute, azken orduko eskaririk ezean.

Gauzak horrela, gaur egun fabrikari ikusten dioten etorkizun beltzaren aurrean, enpresa batzordeko ordezkariek dagoeneko egin dituzte batzarrak Eusko Jaurlaritzako, Diputazioko eta Bergarako Udaleko ordezkariekin, irtenbideren bat aurkitu nahian, bideragarritasun planen bat, zehazki.

Produktu garestia

"Uste dugu dagoeneko erabaki dutela produkzioaren zati bat edo produkzio osoa Txinara eramatea. Orain bi urte karga aurretik sartzeko garbigailuak egiteko fabrika eraiki zuten bertan, eta iaz, berriz, karga goitik sartzeko garbigailuak egiteko beste bat eraiki zuten. Azken produktu hori da guk egiten dugun bakarra gaur egun. Lerro horretan egunean 400 garbigailu egiten dituzte, urtean 70.000. Eta hori da hemen egiten dugunaren erdia. Beraz, lasai asko egin ditzakete guk beste edo gehiago Txinan, eta gaur egun ez dago merkaturik horrenbesterako. Goi kargako garbigailuen garapena beherantz doa, eta kostuarengatik, uste dugu Txinara, Turkiara, Aljeriara edo halako lekuren batera eramango dutela produkzioa", esplikatu du Ramon Romerok, Candy-Hoover enpresa batzordeko presidenteak.

Datu gehiago ere eman ditu Romerok: "Iazko uztailean 170.000 makina egiteko aurrekontua egon arren eta 120.000ra jausi zen. Horregatik uste dugu erabaki dutela produkzioa Txinara eramatea. Lehiakortasunarengatik. Produktu garestia da gurea, eta mundu guztia dabil merkeago saltzen".

Urduritasun eta kezka handia

"Gaur egun berregituratze fasean dago taldea, sektorearen azterketa eta lehiakortasuna aztertzen dihardute, eta horren arabera erabakiko dute herrialde bakoitzean ze produzituko den edo produkzio hori nora bideratu. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzarekin, Diputazioarekin eta Bergarako Udalarekin egon gara jardueraren galera posiblea salatzeko eta garaiz bagaude, bideragarritasun plan eske (…) Oso kezkatuta gaude. Ez dakigu itxita gauden, edo proiekturen bat badagoen guretzat. Urduritasun eta kezka handia dago lan-taldean", gaineratu du hark.  

Une honetan 152 langilek osatzen dute Bergarako plantako lan-taldea. Eta bertan EREak aplikatu badituzte ere, Italiako fabrikan kaleratzeak egin dituztela jakitera eman du enpresa batzordeko presidente Ramon Romerok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak