Buruaz baino bihotzaz jokatzeak gutxitan ekartzen ditu emaitza onak

Xabier Urtzelai 2014ko urt. 19a, 19:16

Xabi Arrizabalaga, eskuin hegaletik jokaldia egiten. | xabi urzelai
Mujika, Crespo, Losada, Aizpurua, Etxeberria, Azkarate, Iregi, Uribesalgo... Ez, ez da Gotzon Urzelaik zapatuan Zestoaren kontra zelairatu zuen hamaikakoa, Mondrak min hartuta edota zigortuta dituen jokalariak dira. Eta berdegunean izan zirenek merezi duten errespetu guztiaz, halako baja kopurua igarri egiten da, nahi eta nahiez.

Entrenatzaile bergararrak, baina, partidu ostean inongo momentuan ez zituen izenok aipatu, ez zuen aitzakiarik nahi; jokatu zutenengan konfiantza osoa duelako, edota talde gaztea izan arren dagoeneko nahikoa esperientzia badutelako (Txonan, Lopez, Dueñas edota Zabaleta ez ditugu gazteen multzoan sartuko, beteranoak dira-eta) irabazteko moduko partidua zela uste zuen, eta haserre zen taldeak bigarren zatian egindako lanaz. Kontuak kontu, puntu banaketak zapore gazia utzi zuen taldean, buru-makur erretiratu ziren-eta denak.

Ondo hasi zen Mondra 

Joaneko partiduan gertatu moduan, Mondraren eta Zestoaren partidua oso parekatua izan zen, eta emaitza ere halakoxea izan zen, inork ez zuen aparteko meriturik egin norgehiagoka irabazteko. 

Lehenengo zatiko Mondra izan zen zaleek errekonozitu ahal izan zutena, eta hori lehenengo arrisku jokaldiak Zestoak egin zituela. Hala, Haritz Ezpeleta lanpetuta ibili zen atepean, baina hasierako presioa gainetik kenduta, Mondraren jokoa hobetzen hasi zen.

Txonanen burukada 

Aipatu moduan, lehenengo zatian Mondra txukun ibili zen. Berdegunean ondo kokatuta, lasai jokatuz, eta jokaldiak bata bestearen ostean lotuz. Hala, lehenengo zatiak utzi zuen jokaldi ederrena golarena izan zen (1-0). Ezker hegaletik ateratako korner erdiraketa bat Iker Lopezen hanketara iritsi zen, area kanpoan, eta baloia zapaldu eta segidan egindako errekorteaz –sarritan egiten du jokaldi hori Lopezek– Zestoako jokalarien markaketa gainditu zuen, eta segidan egindako erdiraketa ona –lapikora– Txonanek aprobetxatu zuen buruz arratsaldeko lehenengo gola egiteko. Hala, Arrasateko aurrelariak keinu polita izan zuen, eta Ezkurra presidenteari eskaini zion gola; ez du gutxiago merezi.

Penaltiak min egin zien  

Bigarren zatia hasi eta 10 minutura egin zuen Zestoak berdinketaren gola (1-1). Penaltiz izan zen, Gonzalezek baloia urrundu nahian hanka jaso eta Zestoako aurrelariari penaltia egin ostean. Ordurako Arrasatekoak txartel hori bat zuen, eta argi ibili ziren hor Dueñas eta batez ere Zabaleta, epailea nahastarazi zutelako, eta txartel horia Zabaletari erakutsi ziolako. Horrela eragotzi zuten Mondra hamar jokalarirekin geratzea. 

Zestoako Iñigo Uriak egin zuen 1-1ekoa, eta hor hasi zen Mondraren gainbehera. Ez Zestoa minutu horietan gehiago izan zelako, baina bai Mondrak ideia garbi guztiak galdu eta presaka jokatzen hasi zelako: jokaldi ordenatu barik, lekua galduaz, eta baloi luzeen bidez jokatuaz. Eta hori Iker Pavonek aukera ederra izan zuela 2-1ekoa egiteko, baina egiari zor, Zestoak ere barkatu egin zuen beste aukera batean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak