Bada, galdera horren erantzuna duenak jar dadila Pablo Gartziaren mutilekin harremanetan, eskertuko dute-eta bigarren zatian gertatu zitzaienaren azalpen logiko bat. Beherakada fisikoak ez du erantzun moduan balio, jokalariek eurek onartu zutelako partidu amaieran ez zutela aparteko nekerik sentitzen. Eta ez, atsedenean ez ziren Elgoibartik jokalari gehiago etorri, lehenengo zatikoak ziren.
Talde moduan, gehiago dira
Eta horrek ematen du amorru handiena, alegia, garbi izatea Ford Mugarrik Elgoibarrek baino askoz ere talde hobea duela jakiteak. Baina, zapatuko pajara ez da anekdota izan, joaneko partiduan ere beste horrenbeste gertatu zitzaielako, eta orduan ere, Elgoibarrek mutur-muturrean eman zielako.
Arrasatekoak dena ematera kantxaratu ziren, errebantxa gogoz. Eta hasieratik elgoibartarren gainetik pasa ziren, defentsan serio jardunez, eta erasoan golak erraz eginda. Harmailetako zaleek bultzatuta, bazirudien partiduko bigarren zatia tramite hutsa izango zela. Bai zera.
Amore eman ez zuen taldea
Nahiz eta markagailuan zortzi goleko aldea izan, etxekoak Elgoibarren gertatutakoa buruan zutela erretiratu ziren aldagelara, jakitun, partidua ez zegoela irabazita. Eta hori jakinda ere, ezin Elgoibar geratu. Bigarren zatia hasteaz batera, kanpotarrek bizpahiru gol jarraian eginda gora etorri ziren, eta etxekoak neurri berean, behera (18-12, 22-18, 22-21). Ordura arte akats gutxirekin, orduan etorri ziren denak. Eta, lehenago ere ikusitako film bat izango balitz moduan, sikiera puntuari eutsi zioten.
Galdu egin dute kanpoan jokatu duten Soraluce BKEk, eta Aloñak
Bergarako mutilek azken sailkatu Basauriren kantxan jokatu zuten, eta bigarren zatian hainbat minututan izandako beherakada garesti ordaindu zuten (35-31). Bergarakoak oso justu dabiltza jokalari aldetik, eta aitzakia moduan balio ez badu ere, Muniategik zailtasunak izan zituen defentsa sendo bat eratzeko orduan: "Dena dela, autokritika egin behar dut, ni ere blokeatuta ibili nintzelako erabakiak hartzerako orduan. Ez nuen alternatiba garbirik ikusten", adierazi zio GOIENAri. Markagailuak ez du erakusten kantxan izandako parekotasuna, Bergarakoak aurretik izan zirelako minutu askotan, eta azken minutuetan ere gol bateko aldea baino ez zutelako bizkaitarrek: "Bigarren itzuli osoa geratzen zaigu, eta lanean jarraitu behar dugu, aurrealdeko postuek ihes ez egiteko.
Oñatiko neskek, berriz, atzerapausoa egin dute, sailkapenean atzerago dagoen Leizaran taldearen kontra 25-19 galduta. Oñatikoak bosgarren daude.