"Indar guztiak nire beste ametsa gauzatzera bideratuko ditut. Geroago, ikusiko dugu nola itzuli naitekeen lehiaketara", adierazi du Maider Undak. Hain zuzen ere, uztailerako espero du haurra borrokalari arabarrak.
2015ean itzultzeko ideia
Rio de Janeiroko 2016ko Olinpiar Jokoak prestatzen ari zen Unda. "Londreseko jokoen ostean, 2013an ama izatea espero nuen baina espero ez nuen domina lortzeak guztia aldatu zuen eta poztasun hori luzatzea erabaki nuen". Baina gerora beste ametsa gauzatzeko unea iritsi zela jabetu dela gaineratu du.
2016ko jokoetara iristeko helburua gauzatu ahal izateko 2015ean itzuli beharko litzateke lehiaketara. "Hain zuzen ere, irailean sailkatze probak hasiko lirateke eta ordurako goi mailako lehiaketetan aritu beharko nintzateke", gaineratu du Undak.