Partidu borobila jokatu zuten oñatiarrek. Lehen ordu laurdena oso parekatua izan zen, eta 6-7 aurreratu zen Donibane. Jokalari handiak dituen talde beteranoa da. Hori horrela, minutuek aurrera egin ahala indarra galdu zuten. Fisikoki behera etorri ziren, eta Aloñarendako errazagoa izan zen partidua bide onetik eramatea. Atsedenean 14-10 ziren aurretik oñatiarrak.
Lehia bideratuta, bigarrenean bide beretik jarraitu zuten. Fisikoki eta psikologikoki indartsuak direla erakutsiz, joko polita egin zuen Rafa Zuluetaren taldeak. "Sailkapenean ondo kokatu gara azken partiduei begira. Hurrengo astean liderraren kontra jokatuko dugu, eta gaur irabazita, lasaiago joango gara Irunera", esan zigun Zuluetak.