Lehia gogorra jokatu dute biek ala biek Agorrosinen. Parekatua. Baloi luze askorekin. Askotan trabatuegia zelai erdian. Halakoetan, azken metroetan asmatzen duenak irabazten du, eta horixe bera gertatu da derbian. Aloñako jokalariek hobeto menderatu dute baloia azken paseetan, eta horrek eman die irabazteko aukera.
Oso bestelako boladak
Derbiko hiru puntuak poltsikoan, sendo jarraitzen du Oñatiko taldeak sailkapenean. Azken sei partiduetatik bost irabazita, 40 punturekin daude sailkapenean. Maila mantentzeko beharrezko puntuak lortuta, beste helburu batzuei helduko diete oñatiarrek.
Bergararen bolada oso bestelakoa da. Azken lau partiduetan puntu bakarra irabazi dute. Lana egitea da bolada txarrekin bukatzeko bidea.