Epele gaur-gaurkoz ez da irekiko. Izan ere, 2018tik itxita dago, eta zabortegiarekin zer egin ez dute erabaki oraindik. Irekitzekotan, zein lan egin beharko liratekeen adierazi du Garazi Larrea Mankomunitateko lehendakariordeak, eta azpimarratu du ezinezkoa dela Epele hondakin arriskutsuak hartzeko egokitzea.
Jaurlaritzak, bestetik, Zaldibarrera bideratzen zen zaborra kanpora bidaltzea aztertzen ari dela jakinarazi zuen eguazten gauean, eta Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak esan du Jaurlaritza harremanetan dela beste zenbait autonomia erkidegorekin.
Arreta berezia Elgetan
Iraitz Lazkano Elgetako alkatea, bestalde, krisi-mahaian parte hartzen ari da atzoz geroztik. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bertan behera utzi zituen, atzo, Zaldibarko hondakindegiaren inguruko herrietan ezarritako behin-behineko neurriak, baina, handik bost ordura, berriro piztu da sua zabortegian. Elgetan ere neurri horiek, bertan behera utzi arren, zabortegitik gertuen dauden baserriekiko arreta berezia izango dutela adierazi gura izan du Iraitz Lazkanok. Izan ere, gaur izan da ke gehien izan duten eguna.
Horrekin batera, gaur, egubakoitza, kirol saioak eta Inauterietarako prestatutako ekintzak frontoian egingo dituzte Elgetan. Eskolako umeek egin behar zuten kalejira, aldiz, ez dute egingo, antolakuntza aldaketak ekiditearren.
Udalen eskaerak
Bergarako Udalak Eusko Jaurlaritzari eskaera egin dio, airearen dioxina eta furano mailen neurketak egiteko Bergaran ere. Era berean, adierazi du Udalak bere aldetik neurketa osagarriak egingo dituela.
Honekin batera, Eskoriatzako EH Bilduk eskatu dio Eskoriatzako Udalari airearen kalitatearen gaineko zenbait kezka argitzeko Eusko Jaurlaritzara hainbat galdera bideratuta. Arrasaten ere, Arrasateko airearen kalitatea neurtzeko eskatu dio EH Bilduk alkateari.