AIREAREN KALITATEAREN NEURKETAK ESKORIATZAN, ZALDIBARKO GERTAKARIAREN HARIRA

Erabiltzailearen aurpegia Eskoriatzako EH Bildu 2020ko ots. 20a, 23:38

Ostegun honetan, gaueko 22:48, Zaldibar argituz plataformak salatu du: “Zabortegian sua piztu da berriz. Gaur bertan jakin ditugu aurreko larunbateko airearen azterketaren emaitza kezkagarriak (oraindik okerragoak). Esan digute sua itzalita dagoenez airearen kalitateak hobera egingo duela, BA EZ!! Berriz piztu da!”.

Erakunde batzuek segurtasun-eremuak 20 km-ra zabaltzea proposatzen dute. Kontuan izan behar dugu Zaldibarko zabortegia Eskoriatzatik 16 bat km-ra dagoela. Horregatik, Eskoriatzako Udalari eskatu diogu Eusko Jaurlaritzako sail eskudunera jo dezala galdetzeko ea Airearen kalitateari buruzko neurririk egin al diren Aretxabaleta, Eskoriatza edo Arrasate aldean. Kezka handiko gaia suertatzen ari da, honegatik gaur bertan udaletxean honako idatzia aurkeztu dugu.

AIREAREN KALITATEAREN NEURKETAK ESKORIATZAN,

ZALDIBARKO GERTAKARIAREN HARIRA

 

Ezer baino lehen, orain dela 13 egun Zaldibarren gertatutakoaren larritasuna azpimarratu nahi dugu. Gertaera larri baten aurrean gaude: bi langileren bizitza aurretik eraman duenak, arrisku handiko egoera sortu duenak eta ingurumen hondamendia eta osasun alarmako egoera eragin duenak. Egoera konplexua da eta erantzukizunak oso larriak: behar diren maila guztietan argitu beharko dira.

Lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi diegu harrapatuta jarraitzen duten bi pertsonen familiei eta gertukoei.

Aurrekoa esanda, Osasun Sailak hilaren 14an Zaldibarko zabortegiaren inguruko airean furano eta dioxina kopuru altuak zeudela jakinarazteko egin zuen iragarkian jarri nahi dugu arreta. Horren ondorioz, 5 kilometroko segurtasun eremua ezarri zuten eta prebentzio neurriak hartu zituzten.

Erakunde batzuek planteatu dute segurtasun-eremuak zabalagoa izan beharko lukeela, eta 20 km-ra zabaltzea proposatu dute. Kontuan izan behar dugu Zaldibarko zabortegia Eskoriatzatik 16 bat km-ra dagoela lerro zuzenean eta gure udalerriarekiko iparralderantz. Kontuan hartuta hemen nagusi diren haizeak (2019an jasotako airearen kalitatearen laginen arabera) gune horretatik datozela, uste dugu neurri bermatzaileak eta lasaigarriak izango liratekeela arnasten dugun airearen kalitatea, eta hemen ekoizten diren produktuen kalitatea ona dela bermatzea.

Horregatik, Eskoriatzako Udalari eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzako sail eskudunera jo dezala honako galdera hauek egiteko (eta beharrezkoak diren guztiak):

1- Airearen kalitateari buruzko neurririk egin al da Aretxabaleta, Eskoriatza edo Arrasate aldean, Zaldibartik gertuen dagoen eremuan neurtzen ari diren parametro berberak neurtzeko?

2- Neurketa horiek egin badira, zein izan da emaitza?

3- Kasu negatiboa bada, egiteko asmorik badago?

Eskaera hori alkateari helarazten diogu, Udalaren izenean galdera horiek helaraz ditzan eta Eskoriatzako biztanleei mezu lasaigarri bat eman diezaien.

Eskoriatza, 2020ko otsailaren 18a


ARGAZKIAK: 1. ARGIA ALDIZKARIA. 2. ZALDIBAR ARGITUZ!, Otsailak 20, 22:48etan.


 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak