Arrasateko aireraren kalitatea neurtzeko eskatu dio EH Bilduk alkateari

Xabi Gorostidi 2020ko ots. 21a, 13:34
Zaldibarko zabortegiaren irudia. (Argazkia: EH Bildu Arrasate)

Zaldibarko zabortegiaren harira egin dute eskaria, eta ohar bidez jakinarazi diote komunikabideei. Hilaren 14an, Osasun Sailak aireko furano eta dioxina kopurua neurtu zituen zabortegitik 5 kilometrora zeuden eremutan; Arrasate lerro zuzenean handik 14 kilometrora dagoela argudiatuta, "airearen kalitatea neurtzea eta hemen ekoizten diren produktuen kalitatea ona dela bermatzea neurri lasaigarria" izango litzatekeela adierazi dute.  

Zaldibarren gertatutakoaren "larritasuna" azpimarratuz haste dute oharra: "Gertaera larri baten aurrean gaude: bi langileren bizitza aurretik eraman duena, arrisku handiko egoera sortu duena eta ingurumen hondamendia eta osasun alarmako egoera eragin duena. Egoera konplexua da eta erantzukizunak oso larriak: behar diren maila guztietan argitu beharko dira. Lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi diegu harrapatuta jarraitzen duten bi pertsonen familiei eta gertukoei". 

Hona neurketa egitea eskatzeko EH Bilduren argudioak: "Erakunde batzuek planteatu dute segurtasun-eremuak zabalagoa izan beharko lukeela, eta 20 kilometrora zabaltzea proposatu dute. Kontuan izan behar dugu Zaldibarko zabortegia Arrasatetik 14 bat kilometrora dagoela lerro zuzenean eta gure Udalerriarekiko iparralderantz. Kontuan hartuta hemen nagusi diren haizeak (2019an jasotako airearen kalitatearen laginen arabera) gune horretatik datozela, uste dugu neurri bermatzaileak eta lasaigarriak izango liratekeela arnasten dugun airearen kalitatea, eta hemen ekoizten diren produktuen kalitatea ona dela bermatzea.

Amaieran, honako hiru galderak egiten dituzte:

  1. Airearen kalitateari buruzko neurketarik egin al da Arrasate, Aretxabaleta, edo Eskoriatza aldean, Zaldibartik gertuen dagoen eremuan neurtzen ari diren parametro berberak neurtzeko?
  2. Neurketa horiek egin badira, zein izan da emaitza?
  3. Erantzuna ezezkoa bada, egiteko asmorik badago?

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak