Epele zabaldu edo ez, erabakitzeke oraindik

Miren Arregi Amasorrain 2020ko ots. 21a, 12:01

Debagoieneko Mankomunitateak dio ez duela ez aldundiaren eta ez Eusko Jaurlaritzaren eskaerarik jaso Epele irekitzeko, eta, beraz, proposamen zehatza iritsiko balitz, Mankomunitatean bertan aztertuko litzateke.

Zaldibarko zabortegiko lur-jausiak eragindako hondakin industrialen kudeaketaren gaineko krisiak eman du zeresana aste honetan ere, eta, testuinguru horretan, behin baino gehiagotan aipatu da Epeleko hondakin industrial ez arriskutsuen zabortegia. Hala, Epeleko zabortegiaren jabe den Debagoieneko Mankomunitateak oharra kaleratu zuen atzo; momentuz, Epelera ezin dela hondakinik eroan argitu du, eta Aldundiaren edo Eusko Jaurlaritzaren eskaerarik jasoko balu, gaia Mankomunitateko gobernu batzordean aztertuko dela azaldu. Datorren martitzenean egingo du batzarra Mankomunitateak, nahiz eta gai hau ez dagoen aztergaien artean.

Oraingoz, Epelera ez

Eguaztenean hasi zen Epeleren izena entzuten Zaldibarko zabortegiak hartzen zituen hondakin ez arriskutsuak hartzeko alternatiba gisa. Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak Gipuzkoako mankomunitateekin egindako bilera baten ondoren esan zuen Epeleko zabortegia dela "aukera bakarra". Bergarako zabortegiaren jabe den Debagoieneko Mankomunitatea hori gezurtatzera atera da, eta Epele gaur-gaurkoz ez dela irekiko berretsi du. Izan ere, 2018tik itxita dagoen zabor-tegiarekin zer egin ez dute erabaki oraindik –behin betiko ixtea da aukera bat eta bigarrena, obrak egin ondoren zabaltzea–, eta "zabaltzeak hilabete asko iraungo lukeen obra zibila" egin beharra ekarriko luke, baita "milioi eta erdi eurotik gorako inbertsioa" ere.

Zaborra, EAEtik kanpora

Jaurlaritzak, bestetik, Zaldibarrera bideratzen zen zaborra kanpora bidali gura duela jakinarazi zuen eguazten gauean. Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak esan du Jaurlaritza harremanetan dela beste zenbait autonomia erkidegorekin. "Euskadik arazo konplexua du industriak sortzen dituen hondakinekin", azaldu du Morenok. Zaldibarkoa zen EAEko hondakindegi nagusia: urtero 500.000 tona zabor jasotzen zituen; hau da, hiru lurraldeetan sortzen diren industria jatorriko hondakinen %23. Zaldibarkoaren ostean, arazo larria sortu da. Sailburuordeak iragarri du industria hondakinak kanpora bidaltzea "epe laburreko" irtenbidea litzatekeela, baina jakitun direla "epe erdiko irtenbideez" ere berba egin behar dela, sortzen den hondakin kopurua gutxitzeko helburuarekin.Badaezpada ere, Debagoieneko Mankomunitateak iritzia eman du gaiaren gainean, ohar bidez: "Epeleko isurtegia industriako hondakin ez arriskutsuak jasotzeko sortu zen eta Epele hondakin arriskutsuak hartzeko, ezta amiantoa ere, egokitzea ezinezkoa da. Beraz, Zaldibarko hondakinak ezingo lirateke Epelera ekarri".

Elgeta, krisi-mahaian

Asteak zabortegiko krisiarekin lotuta eman duen beste albiste bat Elgetatik dator. Atzo goizean Elgetako alkateak lehenengoz hartu zuen parte istripua gertatu zenetik goizero elkartu den krisi-mahaian. Iraitz Lazkano alkateak mahai horretan egoteko hainbat eskaera egin dituela eman du aditzera, eta, azkenean, herenegun, jaso zuela gonbidapena. Elgetak, batez ere, informatuta egon gura du eta eskaera hori eramango du mahai horretara: "Informazioa ahalik eta modu zabalenean jasotzea, neurketak non eta nola egin diren... Azken finean, herritarren osasunari eta segurtasunari lo-tutako eskaerak".

Atzokoak emandakoaren gainean galdetuta, Lazkanok adierazi du zabortegiko lurraren egonkortasunaz aritu zirela, eta, han esan zutenez, une honetan egonkor dago. Airearen kalitatearen gaia gaur tratatuko du-tela ere aurreratu du. Ermuan ipinitako kaptadoreak airean detektatutako dioxina eta furano kopuru altuak direla eta Eusko Jaurlaritzak aholkatutako prebentzio neurriekin jarraituko dutela ere iragarri du, horiek bertan behera gelditzen diren arte.

Gaur, egubakoitza, kirol saioak eta Inauterietarako prestatutako ekintzak frontoian egingo dituzte. Eskolako umeek egin behar zuten kalejira, aldiz, ez dute egingo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak