Sarean, telebistan, paperean eta irratian jaso zituen hauteskundeetako emaitzak Goienak, horretarako aurrekaririk gabeko ahalegina eginez, Tokikomen bidelaguntzarekin. 35 langilek jardun zuten euskarri guztietan zerbitzua eskaintzeko lanean, bederatzi arlo digitalean.
Aurrelana
Tokikom Plataformaren arlo teknikoa daraman CodeSyntax enpresak garatu zuen informazio guztia modu automatikoan jasotzeko sistema. Erronkarik handiena datu-iturrien aniztasuna izan zen: Udal Hauteskundeetako datuak Espainiako Barne Ministerioak ematen ditu, eta Foru Hauteskundeetakoak berriz, Foru Aldundiek eta Nafarroako Gobernuak. Domeka gauean, Goiena.eus-eko hauteskundeen datu basean jaso zen informazio guztia, eta hortik, hedabide guztiak elikatzeko grafikoak sortu ziren.
Hauteskunde gaua
Lau orduko telebistako saio berezia –3.000 lagunek jarraitu zuten webgunearen bidez–, boto zenbaketa, grafikoak eta datu konparaketak jaso ziren Goiena.eus-en. Informazio horrekiko interes handia erakutsi zuten herritarrek, bi egunetan, maiatzaren 28an zein 29an, webguneak 20.000 bisita izan zituelarik. Eta kuriositate moduan aipatu daiteke 180 lagunek Estatu Batuetatik jarraitu zituztela hauteskunde egunaren inguruko albisteak, Frantziatik 93k eta Suediatik 83k. Beste hainbat tokitatik ere heldu ziren bisitariak Goiena.eus-era, hala nola, Madril, Bilbo, Bartzelona, Donostia, Sevilla, Valladolid, Irun, Gasteiz, Iruñea, Marbella, Santiago de Compostela, Leioa, Albacete, Las Palmas, Dublin, Villarobledo edota Paris.
Datu zehatzagoei dagokienez, domekan 21:00ak eta 22:00ak artean batu ziren erabiltzaile gehien, eta astelehenean lehen orduan, 08:00ak eta 09:00ak artean. Erabiltzaileek bisita bakoitzeko, bataz beste, 3,31 albiste irakurri zituzten eta 5:19 minutu eman zuten horretan.
Antzerako interesa erakutsi zuten emakumeek (%49,7) eta gizonek (%51,3). Halaber, adin tarte nagusia 35-44 urte artekoa izan zen (%33); ostean 25-34 (%18) eta 55-63 (%17).
Hauteskunde gauean sare sozialetan ere eskaini zuen zerbitzua Goienak. Twitterren, Facebooken eta Instagramen ez ezik, hauteskundeetako buletin berezia eta eskuko telefonorako jakinarazpenak bidali zituen Goienak aplikazio bidez eta baita Telegrametik eta Whatsappetik. Herriz herriko datuak helarazi ziren, eta 2.000 bisitatik gora etorri ziren bide horretatik; interes handiena Arrasateko datuek piztu zuten.
Albiste ikusienak
Eskuko telefonoko jakinarazpenekin gertatu bezala, webgunean ere Arrasateko emaitzen albisteak izan zituen bisitari gehien. Oñatiko datuak izan ziren bigarren irakurrienak, eta jarraian, nahiko parekatuta Bergara eta Aretxabaleta. Bosgarren postuan kokatzen da hauteskunde egunean zehar herritarrei egindako kale-inkesta, eta, seigarren, Eskoriatzako albistea. Zazpigarren tokian berriro agertzen da Arrasate, kasu honetan biharamuneko albistea, alkategaien adierazpenekin eta EH Bildurekin ospakizunarekin osatuta. Antzerako interesa piztu zuen herriz herriko ospakizunen argazki galeriak, ondoren dator Debagoieneko emaitzen albistea, eta hamargarren udal hauteskundeetako boto zenbaketa zuzenean jarraitzeko Arrasateko orrialde berezia.