EH Bildu nagusi Debagoieneko herri guztietan

Josu Bilbao Atxutegi 2023ko mai. 29a, 01:09

Debagoieneko zortzi herritan –Leintz Gatzagan Hautesleen Taldea bakarrik aurkeztu da– alderdirik bozkatuena izan da EH Bildu ia 15.900 jasota. Batzar Nagusietarako ere debagoiendarren lehen aukera izan da.

Abstentzioa nabarmen igo den hauteskundeak izan dira. 2019an %29,89koa izan zen, eta aurten %37,58koa. Abstentzioa ia zortzi puntu igo arren, EH Bilduk 2019ko datuak hobetu ditu.

Ia 15.900 boto jaso ditu, orain dela lau urte baino 246 gehiago. Hala, Aretxabaletan zinegotzi bat gehiago izango du eta Eskoriatzan hiru gehiago eta alkatetzak eskuratu ditu bi herri horietan. Arrasaten ere bi zinegotzi gehiago izango ditu, eta kasu horretan, alkatetza eskuratzeko giltza Elkarrekin koalizioak izango du.

3.000 boto gutxiago EAJk

EAJk boto asko galdu ditu, 3.200 inguru, eta ondorioz, zinegotziak ere bai hainbat herritan. Aretxabaletan, Arrasaten Bergaran eta Oñatin zinegotzi bana galdu ditu eta Eskoriatzan bi. Baina bi herritan zinegotzi bana ere eskuratu ditu EAJk, Antzuolan eta Aramaion; lehenengo kasuan, PSE-EEk galdutakoa irabazi du, eta bigarrenean, EH Bildurena.

Alderdi sozialistak ere galdu egin ditu botoak, 459 hain zuzen ere. Bailarako bi herritan bakarrik izango du ordezkaritza: Arrasaten bi zinegotzirekin –bat galduta– eta Bergaran, aurretik zeukanari eutsita.

Elkarrekin koalizioak eta PPk, ostera, boto gutxi batzuk eskuratu dituzte baina ez dute izan aldaketa esanguratsurik. Elkarrekin koalizioak zinegotzi bakarrarekin jarraituko du Debagoienean, Arrasaten hain zuzen ere, eta PPk ez du izango ordezkaritzarik oraingo agintaldian ere.

Batzar Nagusiak vs Udal hauteskundeak

Bi hauteskundetarako botoa eman dute debagoiendarrek gaurkoan, eta ondorengo taulan bien arteko konparaketa jasotzen da.

Datu horiek erakusten dute debagoiendar askok alkatetzarako EH Bildu lehenetsi dutela, eta babes hori, ez dela Batzar Nagusietan berdin islatu, nahiz eta ezker abertzaleak boto gehien jaso duen. EH Bildurekin eman denaren alderantzizko fenomenoa eman da bailaran EAJrekin. Batzar Nagusietarako 94 boto gehiago jaso dituzte jeltzaleek. Salbuespena Arrasate, Aretxabaleta eta Antzuola izan dira, Udalerako Aldundirako baino boto gehiago jaso dituzte-eta.

EAJrekin eman den fenomenoa PSErekin eta Elkarrekin Podemosekin ere eman da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak